EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

ELKARRIZKETA

EAJk autogobernuaren inguruko defentsa egingo du, Ortuzarren esanetan

Ahal Duguren eta EH Bilduren emaitzek aukera ematen badute, EAJri Gobernua kentzen ahaleginduko direla uste du, “jeltzaleekiko amorruak bultzatuta ari baitira biak”.

Agentziak | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak adierazi du jeltzaleek alderdien arteko autogobernu akordio sendoa eta bi kontsulta defendituko dituztela, “erritmo deserosoak ezarri gabe”.

Hauteskundeen ondoren Ahal Duguk eta EH Bilduk euren botoak batzen badituzte, EAJri Gobernua kentzeko izango dela esan du buruzagi jeltzaleak, bi alderdi horiek “jeltzaleenganako amorruz” jarduten ari direlako.

Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, EAJ alderdi “serioa” dela esan du, eta, horregatik, Legebiltzarrean aurkeztutako autogobernuari buruzko proposamen txostena eskuan hartuta aurkeztuko direla gaineratu du.

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin testu bateratuta adostea da Ortuzarren asmoa, ondoren euskal herritarrei kontsulta egiteko eta, gero, Estatuko Gorteetan eztabaidatzeko. Kongresuan estatus berria onartuta, bigarren kontsulta egingo litzatekeela gogoratu du.

“Autogobernuari buruzko proposamena eramango dugu, jakinda hanka gehiago behar dituen akordioa dela. Oinarri sendoak behar ditu”, azaldu du.

Autogobernu eredu berria izateko, “akordio anitza, irekia eta borondate politiko diferenteak biltzen dituena” lortu behar da. Prozesua datorren legegintzaldian gauzatuko ote den galdetuta, “erritmoak markatzea” akatsa dela agertu du, beste alderdi politiko batzuk ez direlako “eroso” sentituko. Horren ildoan, akordiotik kanpo gelditzen dena “hala erabakitzen” duelako izango dela ziurtatu du.

PSE-EE eta PSOE alderdiek zein Estatu eredu nahi duten argitu behar dutela uste du buruzagi jeltzaleak. “Nik ez dut baztertzen PSE-EE oinarrizko akordio zabal batera gehitzea, eta ezker abertzalearekin eta Podemosekin autogobernuaren aldeko bloke berri bat egitea, euskal gizarteak nahi duen subiranotasun maila ekartzeko”.

Autogobernua, bakea eta elkarbizitza, ekonomia eta enplegua dira, Ortuzarren aburuz, alderdien arteko akordio zabalak lortzea behar dituzten oinarrizko gaiak.

AHAL DUGU ETA EH BILDU

Irailaren 25eko hauteskundeen ondoren, Ahal Duguren eta EH Bilduren batuketak posible egiten badu, EAJri Gobernua kentzen saiatuko direla iritzi dio Ortuzarrek: “Jeltzaleen aurka eta herri honetan eraiki den guztiaren aurka egin nahi dute”, esan du. Pablo Iglesiasek euskal sistema adibidetzat ipintzea eta, aldi berean, alderdi moreak euskal ordezkariek eredu hori bera eskuinaren “iruzurtzat” hartzea deitoratu du EBBren buruak.

“Ahal Duguk Euskadirentzat garapen ekonomiko, sozial eta kultural eredu berri bat baino, boterea” nahi duela nabarmendu du.  Halere, Ahal Dugurekin eta EH Bildurekin akordioak lortzeko prest daudela agertu du, “akordioa eta elkarrizketa lortzeko gaitasuna dugulako”.

PSE-EE

Sozialistak jeltzaleen bazkiderik egokienak izan daitezkeen galdetuta, “PSE-EEri galdetu behar” zaiola erantzun du, “egunero erantzun diferentea ematen dutelako”.

PP

“Presoekin, subiranotasunaren aldeko kontsultarekin eta Arnaldo Otegiren defentsarekin” kanpaina egiten duela egotzi zion Alonsok EAJri, eta gaur etorri da jeltzaleen erantzuna: “Alonsok ez dauka hitz egiteko beste gairik, guk, ostera, leku bakoitzean dagokiguna esaten dugu. Euskadirentzat proiektua daukagu guk, zer proiektu du PPk? Iraganaz bizitzea, lau urtero iraganeko mamuak ekartzea, besterik ez”.

Otegi

Otegi EH Bilduren lehendakarigaia dela eta, koalizioak “aukera askorik ez” zuela gaineratu du.

“Ezker abertzalea ez da oraindik esnatu ETAren ondorengo gizartean, eta ez ditu ilusioak eta atxikimenduak lortzen. Arazoa ez da iraganak jarraitzen dituztela, eurak euren iraganetik aldetzen ez direla baino. Otegi iraganeko hautagaia da, ez da Euskadi berriaren hautagaia”, amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra Euskal sozialistak