EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

AURREKANPAINA

EAEko alderdiak, I25era begira

Hauteskunde kanpaina abiatzeko astebete falta den arren, aspalditik ari dira EAEko alderdi nagusienak bozetara begirako mezuak zabaltzen. Ekitaldi politiko ugari izan da, gaur ere.

EAEko alderdiak, I25era begira

3:57

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko alderdiak irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetan dute begirada jarrita. EAJk Arabako hautagaitza aurkeztu du gaur, eta Iñigo Urkullu lehendakariak esan du  harrotasunez hartu duela lurralde horretako zerrendaburu izatea.Urkulluk agindu du bere lehentasuna izango dela AHT Gasteizen lurperatuta sartzea. Horrekin batera, hiriburuko tranbia zabaltzea, Foronda eta Arasur izango dira bere helburu nagusiak, besteak beste. Euskadiko hiriburutzaren ituna hobetzea ere hitz eman du.

Elkarrekin Podemosek EAJren "utzikeria" kritikatu du gai-sozialen alorrean, gure herriak dituen aberastasunak aprobetxatu ez dituela esanez. Kanpainaren ardatzak aurkezteko agerraldian, Pili Zabala lehendakarigaiak adierazi du Elkarrekin Podemos "konformismoaren aurka" txertatuta dagoela eta enpleguari, lan prekarietateari eta beste gai sozialei aurre egiteko agenda duela. Zabalaren iritzian, "beharrezkoa duen haize freskoa" ekarriko diote Euskadiri. Ezker abertzaleak Durangon egin du agerraldia. Sortuk batzarra egin du, eta Arkaitz Rodrigez alderdiko horretako bozeramaileak hitz egin hedabideen aurrean. Horren hitzetan, "trantsizioa deituriko horretatik 40 urtera testuinguru berean gaude: 78ko erregimenean jarraitzea edo behin betiko amaitzea. EAJren zuzendaritzaren zain geldituz gero, ez da egongo ez akordiorik ez prozesu soberanistarik izango". Arnaldo Otegiren inhabilitazioa "baliatzea" egotzi dio Rodriguezek Urkulluri.

Euskadi eraldatu eta modernizatzeko helburua du Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak gaur aurkeztu duen hauteskunde programak. Zerga sistema, administrazio eta zerbitzu publikoak hobetzeko neurriak jasotzen ditu programa horrek, desberdintasunei aurre egiteko, Mendiak zehaztu duenez. Buruzagi sozialistaren esanetan, EAJk ez du proposamenik ez anbiziorik Euskadirentzat, eta, beste batzuek ez bezala, PSEk pertsonetan, ez banderetan, pentsatutako programa prestatu duela adierazi du. Bestalde,  alderdi abertzaleen independentismoaren aurrean, Alderdi Popularra pertsonei eta askatasunari lehentasuna ematen dion alderdi gisa aurkeztu du Borja Semper Gipuzkoako zerrenda osatzen duten hautagaien aurkezpen ekitaldian. Semperren hitzetan, urte gehiegi daramagu enfrentamendua eta Espainiarekin desberdintzen gaituena azpimarratzen dutenen gobernupean. Abertzaleak eta abertzaleen subiranotasun nahiak kaltegarriak izan direla salatu du.Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea Gasteizen izan da, eta ziur agertu da Eusko Legebiltzarrean sartzea lortuko dutela. Nicolas de Miguel C’s alderdiaren lehendakarigaiari babesa ematera joan da Arabako hiriburura. Abertzaleak geldiaraztea dela euren helburua esan du Riverak. Bere ustez, arriskua dago EAJk EH Bilduren pausoak jarraitu eta Euskadik Kataluniako bide berbera hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Popularra Sortu EAEko hauteskundeak 2024 Alderdi politikoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos berriak