EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Apirilak 5

Iriarte: "Urkullurena ez bezalako eredu bat nahi dutenak gero eta gehiago dira"

EH Bilduko lehendakarigaiak ziurtatu duenez, EAEk "bultzada berri bat" behar duela pentsatzen duten pertsonen buru izateko prest daude koalizioko hautagai guztiak.

Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Mikel Otero. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Mikel Otero. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Mikel Otero. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak ziurtatu duenez, "gobernantza ereduaren" aldaketa eskatzen duten ahotsak "gero eta gehiago dira", besteak beste, Iñigo Urkullu jeltzalearen Gobernuaren "nekea" ikusten ari direlako.

Apirilaren 5eko hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu ditu koalizioak. Iriarte Gipuzkoako zerrendaburua izango da, eta Jasone Agirre eta Mikel Otero Bizkaikoa eta Arabakoa, hurrenez hurren.

Donostiako Miramon teknologia parkean egin dute ekitaldi politikoa. Lehendakarigaiak ziurtatu duenez, EAEk "bultzada berri bat" behar duela pentsatzen duten pertsonen buru izateko prest daude koalizioko hautagai guztiak, tartean Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia eta Eba Blanco EAren jarduneko idazkari nagusia.

"Dagoeneko denbora eman dugu azaltzen, baina legealdiko azken hilabeteek agerian utzi dute: Urkulluren gobernantza ereduak neke nabarmena agertu du", adierazi du Iriartek.

"Urkullu eta berak ordezkatzen duen proiektu politikoa ez dira gure herriaren erronka handiei erantzunak emateko kapaz", esan du EH Bilduko lehendakarigaiak.

Iriarte: "Urkulluren gobernantza ereduak neke nabarmena agertu du"

EH Bilduren hautagaitza osatzen dutenak "herri eta gizarte gisa aurrera egiteko gauzak aldatu" behar direla uste duten guztien buru izateko prest daude, errepikatu duenez. EH Bilduko oinarrien % 93k hautagaiak berretsi babestu zituzten.

"Talde paregabe" honekin hauteskundeetan emaitza onak lortzeko "aukerak" dituztela uste du Iriartek, Sinn Feinek Irlandan, SNPk Eskozian eta BNGk Galizian egin bezala.

EH Bilduk hauteskundeetan gora egingo duela uste du lehendakarigaiak, azken lau urteetan egin bezala. Horregatik, "aukera" propiotan sinesteko deia egin du, eta hautesleriari "konfiantza" eskatu dio.

Bestalde, Zaldibarko zabortegiaren tragedia hizpide izan du Gipuzkoako zerrendaburuak. Gertatutakoa "argitzeko" lanean jarraituko dutela azpimarratu du. Aldi berean gizarte "solidarioagoa" eta "feministagoa" lortzeko lan egingo duela agindu du Iriartek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak EH Bildu Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak EiTB Focus Maddalen Iriarte Hauteskundeak Hauteskunde inkestak