EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Basagoitiren gutuna
'Bizikidetzarako urratsak bermatzea' proposatu die PPk EAJri eta PSEri
Antonio Basagoitik 'euskal gizartearen oinarri demokratikoak sendotu eta elkarbizitzarako urratsak bermatzea' proposatu die Patxi Lopez eta Iñigo Urkulluri.
Erredakzioa
PPko lehendakarigaiak gutun bat bidali die EAJko eta PSE-EEko lehendakarigaiei. Gutunean, demokraziaren alde egindako aurrerapausoak ‘sendotu’ eta ‘bizikidetzarako urratsak bermatzea’ eskatzen die, alderdien interesak alde batera utzita.
Basagoitiren ustez, ‘inboluzioak’ ekidin behar dira, eta ‘aurkari ideologikoa ezabatzen saiatu direnen eta autokritikarik egin ez dutenen’ helburuak saihestu behar dira, ‘ezin dutelako onura politikorik lortu hil eta terrorismoa txalotu dutenek’.
‘Alderdi demokratikoek geure desadostasun ideologikoak alde batera utzi behar ditugu, jarrera demokratikoak indartuz eta eskakizun demokratikoak eginez, ETAren erasoekin bukatu eta baldintzarik gabeko desegitea lortzeko’.
‘Herritar guztiek euren iritzi demokratikoak adierazteko askatasuna' izatea finkatu nahi du Antonio Basagoitik. Horretarako, inposatzeak alde batera utzi behar direla uste du PPko lehendakarigaiak, ‘herritar bakoitzaren eskubideak, arauak eta askatasunak errespetatuz’.
‘Egindako mina aitortzea, eta ETAren terrorismoaren eta jardunaren justifikazioa kritikatzea’ beharrezkotzat jotzen du Basagoitik.
Legeak aldatu daitezkeela uste du Antonio Basagoitik, baina, betiere, horiek betez, ‘demokraziaren eta bere baloreen izen ona mantentzeko’.