EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Ekitaldia Bilbon
EITBren 30. urteurrenak lehendakarigaiak bildu ditu
Patxi Lopez (PSE), Iñigo Urkullu (EAJ), Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza) eta Gorka Maneiro (UPyD) bertan izan dira.
Erredakzioa
Euskal Irrati Telebistaren (EITB) 30. urteurrenak lehendakarigai nagusi gehienak bildu ditu, EAEko hauteskundeak egiteko hilabete eta erdi eskas falta denean.
Hori horrela, Iñigo Urkullu (EAJ), Patxi Lopez (PSE-EE), Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza-IU) eta Gorka Maneiro (UPyD) EITBren Bilboko egoitza nagusian izan ziren atzo.
Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaia ez zen bertaratu, baina horren ordez Iñaki Oyarzabal idazkari nagusia joan zen.
Gala Ilaski Serranok eta Carlos Soberak gidatu dute, eta, horretan, komunikazio taldearen historian barrena egin dute, saio eta aurkezle esanguratsuenak gogora ekarrita.
Ekitaldiaren gidoia Oscar Terolek idatzi du. 30 urteotako irudi bilduma erakusteaz gain, hainbat aurkezle igo dira taula gainera: besteak beste, Juanma Lopez Iturriaga, Iñaki Perurena, David de Jorge, Yolanda Alzola, Txetxu Ugalde, Xabier Euzkitze, Edurne Ormazabal, Txema Vitoria Txiribiton eta David Barbero.
Bestalde, Asier Hormazak, Santi Ugaldek, Anjel Alkainek eta Iñake Irastorzak, Oscar Terolekin batera, umore puntua jarri dute.