EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Erregearen mezua
Urkulluk 'autokritika' egiteko eskatu dio erregeari
EAJren lehendakarigaiaren ustez, Juan Carlos I.ak "aniztasunaren alde zer egin duen" azaldu beharko luke.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidente eta lehendakarigaiak "autokritika" egiteko eta "urte hauetan guztietan aniztazunaren alde zer egin duen" azaltzeko dei egin dio gaur Juan Carlos I.a Espainiako erregeari.
Hitz horiekin, buruzagi jeltzaleak erantzun egin dio estatuburuari "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan. Atzo, erregeak Kataluniaren independentzia "ameskeria" dela iradoki zuen, Interneten publikatutako adierazpen batean.
Horren ildotik, "errealitate nazionalak garen gizarteetan zergatik dagoen egonezina" azaltzea eta "Europar Batasunean aniztasuna nola gauzatzen den kontuan hartzea" eskatu dio.
Bestalde, ekonomia sustatzen eta enplegua sortzen hasteko "euskarria" enpresak izan behar direla defendatu du Urkulluk.
"Abiapuntua enpresen sektorea izan behar da, enplegua sortzeko. Ondoren, beste hainbat neurri abiatu beharko dira, baina lehen neurriak enpresekin lotuta egon behar dira", zehaztu du.
Bestalde, EAJren Bizkaiko hautagaiak aurkezteko ekitaldian, Urkulluk azpimarratu du Abiadura Handiko Trena izango dela "Euskadiko bihotz-hodien sistema".
Zentzu horretan, erakundeen arteko akordioak bilatuko dituela esan du, "buruko mugak gainditzeko helburuarekin.
"Abiadura Handiko Trena Bilbo, Gasteiz eta Donostiara heltzeak herri aukera handiak ematen dizkigu, Euskadiko barne kohesioa eta gure hirien arteko osagarritasuna erraztuko ditu", adierazi du.
Urkulluk esan du "ahaleginak batuko" dituela, eta azpiegiturak hobetzeko Plana proposatuko duela, "begirada etorkizunean jarrita".