EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Bilera, Moncloan
Lehendakarigaiek Rajoy-Mas bilera hizpide hartu dute
Iñigo Urkullu (EAJ), Patxi Lopez (PSE-EE) eta Laura Mintegi (EH Bildu) hautagaiek bi agintariek Moncloan izan duten bilerari buruz hitz egin dute.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak eta hautagaiak esan duenez, Euskadik "bere bidea" jarraitu behar du, autogobernuan sakontzen, geroz eta "subiranotasun gehiago" eta "dependentzia gutxiago" izateko.
Horrela adierazi du agintari jeltzaleak Arabako Elikagaien Bankura egin duen bisita batean. Gainera, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari Kataluniako gizartearen borondatea eta Artur Mas Generalitateko presidenteak esan beharrekoa entzutea eskatu dio.
Patxi Lopez lehendakariak eta PSE-EEko hautagaiak egoera bideratzeko "benetako esfortzua" egitea eskatu die Rajoyri eta Artur Masi eta arazoak konpontzeko eta ez eragiteko "zentzuzko bide bat" irekitzea eskatu die.
Lopezek "erantzukizuna eta elkarrizketa eraikitzailea" eskatu die bi agintariei. Gainera, krisitik ateratzeko eta ez herritarrak gehiago kaltetzeko akordioak lortu ahal izateko "benetako politika" egiteko dei egin die. Euskadin sentimendu independentista hori bizi den galdetu diotenean, euskal gizarteak "liskar eta banatze" politikara itzuli nahi ez duela esan du Lopezek.
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak "anbizio handiagoa" izatea eta "neurri egokiagoak proposatzea" aholkatu dio Kataluniari.
"Baliteke Katalunian idealizatuta izatea Kontzertu Ekonomikoa, baina guk ondo ezagutzen dugu, eta badakigu zeintzuk diren mugak", adierazi du, Bilbon eskainitako prentsaurreko batean. Horren ildotik, EAEko Kontzertua Gernikako Estatutuik jaio zela, eta hori "agortuta" dagoela gogorarazi du.