EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

ETAren agiria

Urkulluk ETArekiko duen iritzia esateko eskatu dio ezker abertzaleari

EAJko lehendakarigaiak azpimarratu du ezker abertzalearen baitan 'tentsioa' eta hainbat ildo ideologiko daudela, eta, ondorioz, gai horien inguruan dauden 'zalantza guztiak uxatu behar ditu'.

Iñigo Urkullu. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu.
Iñigo Urkullu. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ETArekiko duen iritzia argi eta garbi adierazteko eskatu dio ezker abertzaleari. Ezker abertzalearen baitan hainbat ildo ideologiko eta "tentsioa" dago, eta, horregatik, gai horien inguruan dauden "zalantza guztiak uxatu behar ditu", adierazi du.

Gaur goizean RNE irrati kateari eskaini dion elkarrizketan esan duenez, ETAren agiria erritua da Gudari Egunean. "Gainerako abertzaleok badakigu gudariek ez dutela zerikusirik ezker abertzalearen ‘Gudari Eguna’rekin", gaineratu du.

"Ohituta gaude gisa horretako agirietara, baina ez dute iruzkinik merezi; izan ere, armak entregatzen dituela edo erakunde armatua desegiten dela dioen agiriaren zain gaude", azaldu du jeltzaleak.

Eskaera ezker abertzaleari

Ezker abertzaleak erakunde armatuari eskaria egitea eta kargua hartzea inportantea da, Urkulluren ustez.  "Iraganean ETAk agente politiko izan nahi zuela eta alderdi politikoen egunerokoa baldintzatu nahi zuela kritikatu izan dugu; orain, ezker abertzaleari dagokio ETAren gainean duen iritzia argi eta garbi plazaratzea".

Ezker abertzaleak EH Bildu koalizioaren baitan erakutsi nahi duen irudiaz ere hitz egin du EAJko lehendakarigaiak. Urkulluren iritziz, EH Bildu erakusten ari den irudi hori "ez dator bat ETAk urte horietan guztietan erakutsi eta proiektatu duenarekin". Horren aburuz, litekeena da ETAri hori ez gustatzea. Ezker abertzalearen baitan hainbat ildo ideologiko daudela gaineratu du, eta, beraz, "zalantza guztiak uxatu behar ditu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea