EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskunde programa
PPk Jaurlaritzako sailak hamaikatik zazpira murriztea proposatu du
Guztira 900 proposamen bildu ditu PPk bere hauteskunde-programan. Hauteskundeak irabazten baditu, besteak beste, zazpi saileko Jaurlaritza berria jarriko du martxan.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularrak bere hauteskunde-programaren ildo orokorrak aurkeztu ditu gaur goizean, tartean zazpi sail izango dituen Eusko Jaurlaritza bat martxan jartzea (egun, hamaika ditu).
Guztira 900 proposamen bildu ditu PPk bere hauteskunde-programan, Borja Semper koordinatzaileak azaldu duenez. Hauteskundeak irabazten baditu, besteak beste, zazpi sailetako Jaurlaritza berria jarriko du martxan.
PPren ustez, urriko hauteskundeetan alderdi abertzaleek “hordago independentista” botako dute. Oyarzabalen esanetan, baina, popularrek ez dute “etsiko” eta ez dute onartuko abertzaleen “zatiketa nahia”. “Ezin gara Ibarretxeren garaietara bueltatu”, gaineratu du.
Hori dela eta, hauteskundeetan parte hartzeko eskatu die “espainiar” eta “euskaldun” sentitzen direnei.
PPren hauteskunde-programari dagokionez, beste ideia batzuk ere jasoko dituztela esan du Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari orokorrak. “Diru publikoa hobeto kudeatuz”, “gutxiagorekin gehiago lortzea” da horien nahia.
Popularrena “pertsonei” zuzendutako egitasmoa dela azpimarratu du Oyarzabalek: “Ez diegu EAJri eta Bilduri iraganera bueltatzen utziko”, gaineratu du.
Halaber, zazpi saileko Eusko Jaurlaritza proposatu du PPk: Ekonomia, Ogasun eta Administrazio Publikoa; Justizia eta Herrizaingo Saila; Hezkuntza eta Enplegu Saila; Kultura, Turismo eta Merkataritza; Sustapen eta Etxebizitza, Enpresa eta Berrikuntza; Osasun eta Gizarte Gaiak; eta Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
Popularrek “gastua murriztu” nahi dute, baina “gauzak hobeto eginaz”. “Ez dugu diru gutxiago gastatuko ez hezkuntzan ezta osasun zerbitzuetan ere, bi alor horiek ongizate estaturako oinarrizkoak direlako”, azaldu du.