EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Egoitzaren inaugurazioa

Basagoitik dio 'moderazioa' edo 'apurketa' dagoela jokoan

Euskadirentzat “hauteskunde erabakigarriak” direla gogorarazi du Basagoitik. “Zenbat eta aulki gehiago eduki, Euskadik independentziaren aldeko hautu txikiagoa egingo du”, gaineratu du.

Antonio Basagoiti PPko buruzagia. Argazkia: Efe
Antonio Basagoiti PPko buruzagia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak onartu du, "inkestek esaten dutenaren arabera", EAJ izango dela hurrengo hauteskundeak irabaziko dituen alderdia, "beraz jokoan dagoena ez da nor izango den irabazlea, baizik eta nork baldintzatuko duen Legebiltzarra: hau da, Bildurantz edo PPrantz okertuko den".

Basagoitik PPk Bilbon zabaldu duen lehenengo kaleko hauteskunde-egoitzan egin ditu adierazpen horiek, eta egoitza hori zabaldu ahal izateak sorrarazi dion "poza" erakutsi du. "Gure lurretik ezabatu nahi izan gaituzte, eta historian lehen aldiz PPk kaleko egoitzak izan ahalko ditu Donostian, Gasteizen eta Bilbon".

Azaldu duenez, urriaren 21ean "independentziarantz zuzenduta dagoen Euskadi bat edo lasai eta bizikidetzan bizi den beste Euskadi bat aukeratzea" izango da jokoan dagoena.

Hauteskunde erabakigarriak

Hori dela eta, Euskadirentzat "hauteskunde erabakigarriak" direla gogorarazi du. "Zenbat eta aulki gehiago eduki, Euskadik independentziaren aldeko hautu txikiagoa egingo du", gaineratu du.

Zentzu horretan, mahai gainean eredu bi daudela azaldu du: "alde batetik eredu abertzalea dago, abertzaleentzat soilik egindako lurraldea, soilik gizartearen zati batentzat egindakoa. Eta bestetik PPren eredua dago, herritar denentzat zuzendutako eredua". Hori dela eta, "euskaldun eta espainiar sentitzen den gehiengo isilari" PPri bozkatzeko deia egin dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea