EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Bilera

EBk eta UGTk batasun sindikalerako deia egin dute, murrizketen aurrean

Raquel Modubar Ezker Batuko lehendakarigaiak eta Damaso Casado UGT sindikatuko Euskadiko buruak bilera egin dute goizean, urriaren 21eko hauteskundeei begira iritziak trukatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker Batuko eta Euskadiko UGTko ordezkariak elkartu dira gaur goizean Bilbon, egungo egoera ekonomikoa aztertzeko eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira iritziak trukatzeko. Ezker Batuak eta UGT sindikatuak batasun sindikalerako deia egin dute, langileen eskubideen murrizketei aurre egiteko.

EBren izenean, Raquel Modubar lehendakarigaia eta Jose Navas Arabako hautagaia izan dira bileran, eta Euskadiko UGT sindikatuko ordezkaria, bestalde, Damaso Casado idazkari orokorra izan da.

Bileraren osteko prentsaurrekoan, UGTk egin dizkien proposamenekin konforme agertu da Navas; izan ere, haren hitzetan, bi aldeen estrategiak “ia berdinak dira”. Halaber, “larrialdi sozialeko” egoera dela gaineratu du EBko hautagaiak.

“Egoera ekonomiko itogarri hau ez da murrizketa gehiagorekin konponduko”, adierazi du Jose Navasek. Egoerari buelta emateko, Ezker Batuak 50.000 lanpostu sortzeko eta 1.000 milioi euroko inbertsio publikoa egiteko asmoa duela gaineratu du.

Euskadiko UGTko idazkari orokorrak ere batasun sindikalerako deia egin du, baina ELAk hitzarmen kolektiboaz ez duela ezer jakin nahi zehaztu du. Euskadin lan munduaren arloan dagoen arazorik larriena hitzarmen kolektiboaren “blokeoa” da, Damaso Casadoren iritziz. Negoziazio kolektiboak 105 hitzarmeni eragiten die, eta gehienek eraginkortasuna galduko dute 2013. urtetik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea