EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Kanpaina aurrea
Gasteizko alkateak herritarren 'babesa' eskatu du gutun bidez
Javier Marotok sinatutako gutun bat sartu dute Arabako hiriburuko postontzi guztietan. Bertan, urriaren 21eko hauteskundeetan babesa ematea eskatzen du, "gasteiztar guztien onurarako" izango delakoan.
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak herritarren "babesa" eskatu du urriaren 21eko hauteskundeetarako, Gasteizko postontzi guztietan sartu duen gutun baten bitartez. Izan ere, PPren zerrendetan bigarren tokian joango da Araban.
Marotok gutunean azaltzen duenez, "Alderdi Popularrak Araban emaitza onak lortzea onuragarria izango da gasteiztar guztientzat".
Marotok "gasteiztar guztien ahotsa Legebiltzarrera eramateko" hartu omen du hauteskundeetan aurkezteko erabakia, izan ere, ez du nahi "ikusi Eusko Jaurlaritzak nola hartzen dituen erabakiak Gasteiz eta Araba inbertsioetatik kanpo utziz".
Era berean, PPri esker Gasteizek aurten inbertsioetarako 50 milioi euro, inoiz baino gehiago, lortu dituela azpimarratu du.
Ezin da botoa eskatu kanpaina hasi aurretik
Duela aste batzuk, Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak ere gutun bat zabaldu zuen herritarren babesa eskatzeko.
EAJk ekintza hori salatu zuen EAEko hauteskunde batzordean, izan ere, ezin da kanpainaren aurretik, ostirala aurretik, botoa eskatu.
Hala ere, batzordeak erabaki zuen gutunak araudia errespetatzen zuela, ez zuela botoa zuzenean eskatzen.