EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Mitina Forondan
Urkulluk euskal aireportuen eskumena izatea eskatu du
"Espainiak daukan inbertsio ahalmen guztia zorra ordaintzera zuzendu da", nabarmendu du lehendakarigaiak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu hurrengo hauteskundeetarako EAJko lehendakarigaiak EAEko aireportuen eskumena eskatu dio Rajoyren Gobernuari. "Hemendik kudeatzen badugu hobeto kudeatuko dugu", argitu du.
Urkulluk Forondako Aireportuan egin zituen adierazpen horiek, Alderdi Eguna dela eta bere alderdiak bertan antolatutako ekitaldian. Orain arte inolako mugarik gabe jarduteko aukera izan ostean, Sustapen Ministerioak 20:30etik 8:30era bertako terminala ixteko erabakia hartu zuen. Horren harira, Urkulluk "24 orduz zabalik egoteko eskaera" egin du.
"Ez dauka zentzurik Estatuan merkantzia-garraio bolumen handiena duten aireportuetan laugarrena ixteak. Iaz 35 milioi kilo merkantzia mugitu ziren bertan", salatu du buruzagi jeltzaleak. Hori dela eta, Urkulluk "aireportua 24 orduz zabalik egoteko" konponbide bat bilatu dezan eta, bide batez, EAEko aireportuetako eskumenak transferitzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari.
800 milioiko finantza-zama
"Espainiar Gobernuak Forondan hartutako norabideak Euskadiren etorkizunaren aurka egiten du", salatu du EAJko lehendakarigaiak. Bere ustez, "horrelako inbertsioek aberastasuna eta lana ziurtatzen dute gaurko, baina etorkizunean gaitasun ekonomikoa eta garapena indartuko dute".
"Espainiak daukan inbertsio ahalmen guztia zorra ordaintzera zuzendu da", nabarmendu du lehendakarigaiak. 2009an Euskadik 80 milioi baino gutxiago ordaintzen zituen finantza-zamarengatik, eta hurrengo urtean kopuru hori 400 milioira igoko da. "2014an 800 milioi baino gehiago izango dira", ohartarazi du.