EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Elkarrizketa ETBn
Defizitaren gaineko akordioa onartzea leporatu dio Aranak Lopezi
Lehendakariak defizita murrizteko hartu duen konpromisoaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako hurrengo aurrekontuak 1.000 milioi euro gutxiago izango ditu, Ezker Anitzako lehendakarigaiaren ustez.
Erredakzioa
Mariano Rajoyk defizitaren gainean proposatutako akordioa onartzea leporatu dio Mikel Arana Ezker Anitzako idazkari nagusiak Patxi Lopez lehendakariari. Aranaren iritziz, datorren Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan 1.000 milioi euro gutxiago izango dira, aurrekontuak “egiten hasi aurretik”, Lopezek Presidenteen Batzarrean hartu zuen konpromisoaren ondorioz.
“Lopezek datorren Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetarako 800 milioi euro gutxiago izango direla erabaki du”, Aranak ETBri eskaini dion elkarrizketan adierazi duenez. 800 milioi euro horiei gainera iazko aurrekontuetatik pilatu den zorra gehitu behar zaie: “Orotara, 1.000 milioi euro gutxiago izango ditugu, eta, halabeharrez, murrizketak izango dira aurrekontuan, hori guztia, egoera ekonomikoa, oso zaila den garaian", gaineratu du Ezker Anitzako hautagaiak. Lehendakariak “sinesgarritasuna” galdu du lehentasuna defizitari emanda, eta, ondorioz, “orain arteko politika ildoekin jarraituko du”, Mikel Aranaren iritziz.
Ezker Anitzako hautagaiaren arabera, autonomia erkidegoetako presidenteek “Rajoyri aurre egin behar zioten” Presidenteen Konferentzian, “defizita ez dadin izan aldagai ekonomiko bakarra” aurrekontuak lantzerako garaian.
Adostasunak “bere baitan ez dira onak” Mikel Aranaren iritziz, eta adostasunak defizita mantentzea badu helburu, “ez da zuzena”.