EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U-21
EAJk 'aurrekontu txikiagoa' izango duen Jaurlaritza zuzendu beharko du
Urkulluk Gasteizko Santiago Ospitalean egin du gaur goizeko ekitaldia, Arabako EAJko kideekin batera.
Erredakzioa
Urriaren 21eko hauteskundeak irabaztekotan, aurrekontu txikiagoa izango duen Jaurlaritza zuzendu beharko duela onartu du gaur Iñigo Urkullu EAJko hautagaiak. Horren hitzetan, aurrekontua % 10 murriztu beharko da datorren urtean.
Urkulluk Gasteizko Santiago Ospitalean egin du gaur goizeko ekitaldia, Arabako EAJko kideekin batera. Bertan, krisi garaian “nahitaezkoak diren zerbitzu publikoak” mantentzeko beharra defendatu du EAJko buruak.
Hurrengo Jaurlaritzako lehendakaria izatekotan, Euskadiko osasun sistemaren “kalitatea berreskuratzea” izango da Urkulluren lehentasuna.
Zerga bidez bildutako diru-kopuruak behera egin duela eta, horren ondorioz, erakundeek diru-sarrera gutxiago izan dituztela onartu du.
Jaurlaritza berriaren aurrekontu berria aurtengoa baino % 10 txikiagoa izango dela azpimarratu du. “Bi aldiko Gobernua izango da: gastuari eusteko aldia eta hazkundea bultzatzeko aldia”.
“Administrazioan murrizketa eta zorroztasun garaia izango da, baina ez ditugu gizartearen beharrak ahaztuko. Ongizate estatuaren oinarriak gure lehentasunak izango dira: osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak eta pentsioak”, adierazi du.
Osasun sistemaren kalitatea “berreskuratzeko”, eta pertsonak “oinarritzat” hartuz, lehen mailako arretako zentroek “berebiziko garrantzia” izango dutela nabarmendu du. Horrez gain, itxarote-zerrendak kudeatzeko, gaixotasunaren larritasun maila kontuan izatea ere proposatu du.
Arreta aringarria behar duten gaixoen zerbitzua hobetu egingo dutela eta telemedikuntza garatuko dutela esan du Urkulluk, eta Euskadin bizi diren herritar guztiek “eskubide eta betebehar berdinak” izan behar dituztela aldarrikatu du.
EAJko hautagaiak nabarmendu du osasun sistemaren eraginkortasuna hobetu eta modernizatu nahi dutela, azpiegiturak, teknologiak eta hornikuntza berrituz.