Albistea -

U-21

Hauteskunde-kanpainaren datuak

Zenbaketako lehen datuak 21:00ak aldera iritsiko dira. 22 milioi boto-paper eta 1,4 milioi gutun-azal banatuko dira denera.

Boto-kutxak prest.
Boto-kutxak prest.
Boto-kutxak prest.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denera 1,7 milioi euskal herritar daude euren boza emateko deituta eta horietatik 57.000 lagunek lehen aldiz bozkatu ahal izango dute 18 urte bete ostean. 45.396 euskal herritarrek dagoeneko eman dute posta bidezko botoa eta 29 lagunek eskatu dute ikusmen desgaituentzat dagoen laguntza.

Raul Fernandez Herrizaingo sailburuordeak eta Sonia Fernandez hauteskunde administraritzako zuzendariak Gasteizen eman dituzte urriaren 21eko hauteskunde egunaren inguruko xehetasun guztiak.

5.000 ertzainek udaltzainekin batera zainduko dute bozkalekuetako segurtasuna. Halaber, zentro ofizialak eta alderdietako egoitzak ere zainduko dituzte.

Zenbaketako lehen datuak "botoen ehunekoa adierazgarria denean hasiko dira" eta 21:00ak aldera izatea espero da.

Zenbaketa prozesu osoa Jaurlaritzaren elecciones.net webgunean jarraitu ahal izango da. Datu horien berri emateko, 35 komunikabide ezberdineko 140 kazetari eta teknikari inguru egongo dira Lehendakaritzan.

Arlo teknikoan, denera 758 hautesleku eta 2.778 mahai egongo dira (427 Araban, 876 Gipuzkoan eta 1.475 Bizkaian). 22 milioi boto-paper eta 1,4 milioi gutun-azal banatuko dira denera.

Gastu muga 1,54 miliotan

Herrizaingo, Justizia eta Administrazio Publiko Sailak 1.540.745 eurotan ezarri du Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztu diren alderdien gastu muga.

Kanpaina honetan alderdiek 340.669 euroko muga izan dute Araban, 505.719 Gipuzkoan eta 694.355 Bizkaian. Denbora honetan prentsa eta irrati kate pribatuetan publizitatea kontratatu ahal izan dute. Hala ere, horretarako aurreikusitako gastu osoaren % 20 soilik erabili zezaketan.

Hauteskundeak egin eta 15 eguneko epea ezartzen du legeak propaganda guztia kentzeko.

Arazoak, New Yorken eta Dominikar Errepublikan bizi diren euskaldunen bozekin

Jaurlaritzaren Hauteskunde Administraritzaren zuzendariak adierazi duenez, arazoak egon dira New Yorken eta Dominikar Errepublikan bizi diren euskaldunen bozekin, baina "ez kopurua handian".

Correoseko zerbitzuarekin "arazo batzuk egon diren arren", Jaurlaritzak "nolabait arazoa konpontzeko eta kaltetuek bozkatu ahal izateko" eskatu duela azpimarratu du.

3 milioi euro Posta Zerbitzu Publikoari (Correos) Barne Politikako Zuzendaritza Orokorrak hiru milioi euro eman dizkio Posta Zerbitzu Publikoari (Correosi) EAEko eta Galiziako hauteskundeetarako.

Posta zerbitzuaren zereginak, besteak beste, posta bidezko botorako behar den dokumentazio guztia eta hauteskunde erroldaren bulegoko agiriak banatzea da (errolda txartelak, erreklamazioen ebazpenak, hautesle-erroldak...).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea