EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Elkarrizketa ETB1-en

Urkullu: 'Estatus berrirako ekimen bat aurkeztuko dugu 2013 hasieran'

EAJren lehendakarigaiak azpimarratu duenez, "ekonomia berpiztea" izango da bere helburu nagusia Jaurlaritzara iristen bada, eta "Espainiako Estatuan ez dago merkaturik".

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia.
Iñigo Urkulluri elkarrizketa, 'Azpimarra Gehiago' saioan

02:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Iñigo Urkullu 2013ko lehenengo sei hilabeteetan "ekimen bat" "estatus berria"

ETB1-eko 'Azpimarra' saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "ekonomia berpiztea eta enplegua sortzea" izango da bere helburua hurrengo legegintzaldian, eta hori lortzeko bidean, "nazioarteratzea egituratu" nahi du; izan ere, "Espainiako Estatuan ez dago merkaturik, zegoena geldi dago denboraldi baterako".

EAJren presidente eta, ezustekorik ezean, hurrengo lehendakari izango denak iragarri du "2013ko lehenengo sei hilabeteetan" ekimen bat aurkeztuko dutela Euskal Herriari estatus berri bat emateko bidean. Urkulluk azaldu duenez, alderdi politiko bakoitzari bi aditu aukeratzeko eskatuko diote eta aditu horiekin "lantalde bat osatuko dute urtebetean estatus berri baterako proposamenak izan behar dituen berme juridikoak zehazteko".

Horren bitartez, eta alderdien artean "adostasun bat lortu eta gero", herritarrek Legebiltzarrak erabakitakoa "berrestea" nahi du.

Enpresei laguntzeko "diru-zorroa"

Urkulluk azpimarratu du lehendakari izaten bada "ekonomia berpiztea" izango dela bere helburua eta hori lortzeko, "langileriaren % 80" barne hartzen duen enpresa txiki eta ertainei, merkataritzari eta autonomoei laguntzeko "diru-zorro" baten sorkuntza aurreikusi du.

Aurrekontuak

Bestalde, lehendakarigaiak aurreratu du "neurririk normalena" 2012ko aurrekontuak luzatzea izango dela, eta ondoren "2013koak lantzen" jarriko direla.

Horren harira, Jaurlaritzak datorren urtean 1.200 milioi euro gutxiago izango dituela gogorarazi du Urkulluk, eta murrizketak "izan beharko" direla aitortu du. Hala ere, ez du zehaztu murrizketak non izango diren, baina "gizarte politikak" marra gorriak direla eta horietan ez dela murrizketarik izango hitz eman du.

Hori horrela, ukatu egin du Gabonetako aparteko ordainsaria ematearen kontra daudela, baina ematerakoan, funtzionarioek "babes juridikoa" izatea aldarrikatu du, langile publikoek dirua itzuli behar ez izateko.

Hezkuntza-erreforma

Espainiako Gobernuak proposatu duen eta polemika handia piztu duen hezkuntza-erreformari dagokionez, Urkulluk salatu du "beste garai bateko kontuak" diruditela. Hori horrela, buruzagi jeltzaleek "gurasoek hautatzen dutena" errespetatzea eskatu du, eta gaur egun euskara hutsean edo bi hizkuntzak berdintasunean ikastearen aldeko hautua egiten dela "nabarmen" goraipatu du.

Gainera, bere garaian PPk Euskararen Legearekin bat egin zuela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea