Albisteak -

Elkarrizketa

Irazabalbeitia: 'Datorren urteotan estatu berriak ikustea espero dut'

2009tik Europako Parlamentuan diputatu lanetan ari da Iñaki Irazabalbeitia. Europako Parlamentuan 'toki guztietan bezala, lan egin nahi duenak kartolak bete lan' duela nabarmendu du.

Idoia Alberdi | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioarekin aurkeztu zen Iñaki Irazabalbeitia (Donostia, 1957)  Europak Parlamenturako bozetara 2009an,  eta lau urte egin ditu eurodiputatu lanetan, Berdeen Taldea- Europako Aliantza Librea taldean. Maiatzaren 25eko hauteskundeen atarian, Europaren egunerokoaz hitz egin digu.

Herritarrek urrun sentitzen dute Europa. Zer esango zenioke maiatzaren 25ean bozkatzeko zalantza duenari?

Topiko bat errepikatuz hasiko naiz, egia berdaderoa delako: Europako erakundeetan erabakitzen dira eguneroko bizitzan eragiten diguten gaien % 70a. Bi adibide. Berriki Europako Parlamentuak onartu du proposamen bat hegazkin-bidaiarien eskubideak babesteko eta telefono roaminga 2015ean bukatzea ere onartu du. Alabaina, arrazoirik inportanteena nire ustez da, Europako Parlamentua dela herritarrok EBren instituzioen artean zuzenean aukeratzen dugun bakarra eta Parlamentua dela Kontseilutik bideratzen ari diren politikei aurre egiteko europar instituzio bakarra. Beraz, krisia kudeatzeko EBren politikak ez baditugu gustuko, hauteskundetan botoa emanez eta bestelako politikak nahi dituzten europarlamentariak aukeratuz  erakutsi  dezakegu hori eta aldatzen saiatu

Krisi ekonomikoa ondo kudeatzen ari al da Europa?

Ez,  Aralarren ustez. Pertsonen eskubideetan eta ongizatean zentratutako politikak bultzatu beharrean, Kontseiluak eta Batzordeak, Troikaren bidez, sistema finantzarioa salbatzea beste helbururik ez duen politikak garatu dituzte, hondamendi soziala ekarri dutenak Europako estatu askotan: langabezia, osasun-zerbitzuen murriztea, eskubide sozialak higatzea, pobrezia, miseria, etab.

Euskadik ze erronka ditu Europan?

Gainerako Europako herritarrek dituzten erronkez landa (krisi ekonomikoa edo aldaketa klimatikoa) euskalerritarrok bi berezi ditugu. Batetik, bake-prozesua aurreratzea eta indartzea, EBren erakundeen parte hartzea ezinbestekoa ikusten dudalarik. Bestetik, Euskal Herriaren subiranotasuna, hots, Euskal Estatua osatzeko aukera izatea Europako Batasunaren baitan.

Datozen Legealdian Estatu berriak ikusiko al ditugu Europan?

Baietz espero dut. Eskoziako eta Kataluniako herritarrek independentziari baietz esatea espero dut. Gainera beste herri batzuetan ere, Flandrian adibidez, mugimenduak egotea espero daiteke. Era berean, uste dut EBk pragmatismoz jokatuko duela Eskoziako eta Kataluniako independentziaren aurrean eta herri horietako herritarrek europar herritar izaten jarraitzeko bideak landuko direla uste dut.

Bakegintza eta Normalizazio prozesuari dagokionez, zer egin behar du Europak? Ze mailako aktore izan beharko litzateke?

Europako Batasunak prozesua aitzinatzeko eta errazteko urratsak eman beharko lituzke, adibidez, Espainia eta Frantziari esanez argi eta garbi urrats positiboak egin behar dituztela bakegintzan. Halaber, Irlandan ezarritako Peace programaren moduko bat bideratzea egokia izan daiteke.

Bost urteotako balantzea egin ezazu.

Ikuspegi politikotik azpimarratuko nuke hau Parlamentuaren legegintzaldia izan dela. Lisboako tratatuaren ondorioz, Parlamentuak koerabakitzeko eskubidea izan du eta horrek herritarrek zuzenean aukeratutako ordezkariek EBren politiketan eraginkorrago eragiteko modua izan dute. Hala ere, Parlamentua ez da oraindik parlamentu homologagarria, ez dituelako eskumen legegileak, esaterako. Herritarren ikuspegitik, krisiaren kudeaketa desegokia aipatuko nuke, beren bizkarrean jasan behar izan dutelako. Ikuspegi pertsonaletik eta niri kudeatzea fortunatu zaidanaren aldetik zaila da puntu bat edo bitan balantzea egitea, baina gure eserlekua hainbat indar politikoen artean konpartitu behar izateak eragin duen elkarlana eta ekarri digun aberastasuna azpimarratuko nituzke.

Europarlamentarioak  ‘ondo, lan gutxi eginez’ bizi direla uste duenik bada gaur egun. Erakutsi iezaguzu zure agenda; zein da zure eguneroko lana?

Europako Parlamentuan toki guztietan bezala, lan egin nahi duenak kartolak bete lan du eta egin gura ez duenak parada ere badu. Eguna goizeko 08:00ak aldera hasten da, Parlamentura iristen naizenean, eta bertan, bazkaltzeko tarte labur bat harturik, arratsaldeko 19:00ak arte gutxienez egoten gara. Tarte horretan, zer? Denetarik. Estrasburgon gaudenean osoko bilkuretan parte hartzen dugu. Ez gara beti aretoan egoten, derrigorrez bozka emateko tartean izan ezik, baina bai gure interes zuzeneko gaiak tratatzen direnean. Horregatik ikusten dira plenarioko argazki askotan eserlekuak nagusiki hutsik. Bien bitartean, hainbat talderen bilerak egoten dira (kultur eta hizkuntza minorizatuen taldeartekoarena, esaterako), dokumentuak aztertu, interbentzioak presatu, talde parlamentarioen bilerak bilkurako gaien inguruan posizioak adosteko eta bestelako lan parlamentarioa. Bruselan, eta benetan lana hor egiten da, lan-batzordeak izaten ditugu eta horietan proposamen desberdinak aztertu eta landu egiten ditugu (http://www.europarl.europa.eu/committees/es/parliamentary-committees.html). Hortaz aparte, gai askoren inguruko konferentziak eta jardunaldiak egoten dira eta horietan parte hartzen dugu. Bestetik, lankideekin kafe hartzea lan inportantea da, horiek probesten ditugulako harremanak eta sareak egiteaz gainera, puntu edo txosten zehatzetan adostasuna bilatzeko eta lantzeko. Dena dela, nire jardun parlamentarioa zein izan den publikoa da: Europako Parlamentua edo Iñaki Irazabalbeitia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea