Albisteak -
Politikari batzuen agurra
Europarlamentari historiko batzuek agur esango dute
Hainbat politikarik Europako Parlamentua utziko dute maiatzeko hauteskundeen ostean; hauek beteranoenak.
Erredakzioa
Eurodiputatu 'historiko' ugarik agur esango diote Europako Parlamentuari maiatzaren 25eko hauteskundeen ostean; 'Dani gorria'k eta Hans Gert Poetteringek, kasu.
Europako Alderdi Popularrean (PPE), besteak beste, Joseph Daul parlamentariak emango dio amaiera eurodiputatu ibilbideari. Politikari frantziarra (67 urte) talde popularreko presidente izan da, eta duela 15 urte iritsi zen Parlamentura.
Hans Gert Poettering alderdikidea ere ez da hauteskundeetara aurkeztuko. 2007. urtetik 2009. urtera Euroganberako presidente izan zen, Josep Borrell kataluniarraren ostean. Europako hauteskundeen lehen urtean, 1979an, heldu zen Parlamentura. Aurrerantzean, Honrad-Adenauer-Stiftung fundazioan egingo du lan.
Europako Parlamentuaren historian zeresan handia eman duen beste politikari bat Astrid Lulling (84 urte) da. Bizitza erdia eman du bertan: 1965etik 1974ra eta 1989tik 2014ra. Euroganberara heldu zenean, bi emakume baino ez ziren bertan.
Berdeen artean, Daniel Cohn-Bendit historikoak esango du agur. Frantziarrak 20 urte eman ditu Europako Parlamentuan, eta Europa federalaren defendatzaile sutsua izan da. 1968ko maiatzeko iraultzan parte hartu zuen, eta "Dani gorria" ezizenarekin ere da ezagun. Udan, Brasilera joango da, telebista kate frantziar batean esatari izango baita, munduko futbol txapelketan.
Hans Gert Poettering. Argazkia: eppgroup.eu
Sozialdemokratei dagokienez, Hannes Swoboda austriarra, Martin Schulzen 'bigarrena', joango da Euroganberatik. 1996an hasi zuen ibilbidea bertan, eta Kroazia Europar Batasunean sartzeko txostenaren egilea izan zen.
Liberalen artean, Sharon Bowles britainiarrak du azken legegintzaldia. Azken urteetan hainbatetan agertu da hedabideetan, Gai Ekonomikoen Batzordeko presidente izan baita.
Historiko espainiarren artean, Miguel Angel Martinez sozialista dago zerrendetan berriz egongo ez direnen artean, Ganberan 22 urte eman eta gero. Alderdi horretan, Antolin Sanchez Presedok eta Alejandro Cercasek ere ez dute karguan jarraituko.
Jaime Mayor Oreja. EFE
PPren zerrendetan, 'hutsune' handiena Jaime Mayor Oreja donostiarrak utziko du. "One of us" plataforma katolikoan arituko da hemendik aurrera.
Alderdi berean, Carmen Fragak eta Cristina Gutierrez Cortinesek ere bukatuko dute ibilbidea Europako Parlamentuan.