Albisteak -
Europako Parlamentua
EURES sarea, Europan lana bilatzeko bitartekoa
EURES sareak 32 estatutan lana bilatzeko baliabideak ematen dizkie langileei, eta enpresei, berriz, langileak beste estatu batzuetan topatzeko aukera.
Euskadi Irratia |eitb.com
Europan lan egin nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei ateak zabaltzen dizkie EURES sareak. Langileen mugikortasun askatasuna Europar Batasunaren oinarrietako bat da, eta egun Europako edozein herrialdetan askatasunez lan egiteko eskubidea dugu. Kide diren 28 estatuetan, eta Norvegian, Islandian, Liechtensteinen eta Suitzan. Baina Batasuneko herritarren % 2k (zazpi milioi langile) soilik egiten du lan berea ez den estatu batean.
EURES sareak 32 estatutan lana bilatzeko baliabideak ematen dizkie langileei, eta enpresei, berriz, langileak beste estatu batzuetan topatzeko aukera.
850 aholkularik egiten dute lan EURESen, lan-eskaintzak bideratzen zein curriculumak kudeatzen. Sarearekin bat egiteko, langileek bi aukera dituzte. Lehena, enplegu zerbitzuen bidez: Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua edo Frantziako Enplegu Zerbitzu publikoa erabil ditzakete. Bestea, Internet bidez: www.ec.europa.eu/eures webgunean topa daitezke eskaintzak, eta bertan egin daitezke eskariak.
Eskaintzei dagokienez, hezkuntza maila guztietarako lan-profilak eskaintzen ditu EURES sareak.
Izena emateko epea amaitutakoan, hautaketa prozesua hasten da. Teknikari batek aholkularitza eta bitartekaritza lanak egiten ditu, eta laneko elkarrizketak egiteko hitzordua ematen dio eskaria egiten duenari.
1993an sortu zuten EURES, eta egun 1.500.000 lan-eskaintza eta milioi bat curriculum inguru kudeatzen ditu.
_____________________________
INFORMAZIO GEHIAGO: Europako Hauteskundeei buruzko webgune berezia