Albisteak -
Elkarrizketa
Simon Hix: 'Oso jende gutxik daki Durao Barroso nor den'
Simon Hix London School of Economics unibertsitateko Gobernu saileko buruak, Europako hauteskundeetan zer hautatzen dugun azaldu digu.
Kristina Zorita / eitb.com
London School of Economics unibertsitateko Gobernu Saileko buruak, Simon Hixek, urtero argitu behar izaten du zer esan nahi duen 'demokrazia defizita' esamoldeak.
Batzuek oso kritiko esaten dute Europar Batasunak ez duela legitimitaterik herritarrok ezin dugulako EBko jardueretan parte hartu. Berdin dio EBko Kontseilua herritarrek hautatu dituzten 28 estatuk osatzea eta 1979tik europarrok aukeratzea Europako Parlamentua.
Orain Europar Batasuneko agintearen hirugarren oina den Europako Batzordeko presidentea hautatzeko aukera dugula esaten digutenean, Hix irakaslearengana jo dugu berriro Europako Hauteskundeetan benetan zer hautatu behar dugun argitzeko.
- Batzordeko presidentea herritarrok hautatu behar badugu, guri emango dizkigu kontuak gero?
Ez, baina herritarrak Europako Batasuneko bulego garrantzitsuenarekin konektatzeko balioko du. Ez da Europako presidentea, baina Batzordea da EBren botere betearazlea, eta jende gutxik daki nor den Barroso, zein botere dituen, zer ordezkatzen duen eta zer lortu ahal duen. Ez ditu hauteskundeak goitik behera aldatuko, baina prozesu baten hasiera da, eta eskuineko edo ezkerreko gobernu batek EBko politikan aldaketa eragingo duen ikusi ahalko dugu bertan boto-emaileek.
- Operazio kosmetikoa al da, orduan?
Ez dut uste operazio kosmetikoa denik. Interesgarria izango da zer gertatzen den ikustea. Gobernuak presio handia egiten ari dira Schulz edo Juncker, botorik gehien lortu dituen alderdiaren hautagaia, hautatzeko.
Gobernu batzuek esan dezakete hau proba bat zela. Parte-hartzea handia bada, Parlamentuak honakoa esan dezake:"Ikusi parte-hartzea, legitimazioa lortu dugu, hauteskunde hauek garrantzitsuak dira".
Baina parte-hartzea txikia bada, gobernuek hauxe esan dezakete: "Inori ez die axola hauteskundeok, utz dezagun alde batera prozesua eta geuk erabakiko dugu nor nahi dugun presidente Batzordean".
- Aldaketa hau ahalbideratu duen Lisboako Ituna ez da oso argia. Gobernuek badute boto gehien jaso dituen alderdiko hautagaiari betoa jartzerik?
Gobernuek ez dute erraz erabaki hori hartuko hauteskunde hauek lehen aldiz Europako benetako hauteskundeak direla, Europa garrantzitsuagoa dela eta hedabideen jarraipena oso indartsua dela ikusten badute. Alemania kontu honetan kritikoa da. Alemaniako prentsa oso gertutik jarraitzen ari da Schulz eta Junker hautagaien ibilbidea, eta horrek presio handia egin dio Merkeli hauteskunde hauek serio hartzeko.
- Eta zergatik izan daitezke hauek benetako hauteskunde europarrak?
Euroguneko zorraren krisiari Europak nola erantzun dion ikusita, argi dago orain jende gehiago konturatu dela zein garrantzitsua den Europa bere eguneroko bizitzan. Espainia, Italia, Irlanda, Portugal eta Grezia aldean argiago dute, herrialde horietako gobernuek Europak agindutako terapia erabili behar izan baitute.
Alemaniako, Herbehereetako, Finlandiako, Danimarkako eta Suediako herritarrek, bere aldetik, "Europa hegoaldeko hauei" ordaintzen jarraitu behar ote duten galdetu dute.
Beraz, bi aldeetan, dirua jasotzen duten herrialdeetan eta terapia gogorra agintzen duten herrialdeetan, herritarrak inoiz ez bezala konektatzen ari dira Europarekin.
- Krisi ekonomikoak hauteskundeak aldatuko ditu?
Aurretik Europako hauteskundeetan gertatu den guztiaren % 90 gobernu bakoitzak bere herrialdean zuen onarpen-maila ikusita azaldu ahal da. Gobernatzen ari zen alderdiari egiten zitzaion test moduko bat ziren hauteskunde horiek.
Oraingoan, baina, batzuen ustez, Europa demokratikoago eta Europa kontserbadoreago baten alde egiteko aukera izango dugu. Oraingoan baliteke Europako hauteskundeak aurrekoak ez bezalakoak izatea.