Albisteak -

ELKARRIZKETA

'Erreskatatutako estatuak hirugarren munduko herrialde bilakatu dira'

Sami Naïr politologo ezagunak gogor kritikatu du Europar Batasunak hartu duen joera ekonomikoa, eta ekonomia ahulenak babestu behar direla adierazi du.

Sami Naïr politologo frantziarra. Argazkia: EFE
Sami Naïr politologo frantziarra.
Sami Naïr politologo frantziarra. Argazkia: EFE

EITB.COM / RADIO EUSKADI

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sami Naïr politologo eta pentsalari frantziarrak Europa eraikitzeko prozesua salatu du, eta azken urteotan erreskatatu dituzten estatuak (Portugal, adibidez) hirugarren munduko herrialde bilakatu direla azpimarratu.

Halaber, Alemaniak markatzen duen politikaren ondorioz, Europan iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldea gero eta nabarmenagoa dela ohartarazi du.

"Euroaren krisiaren ondorioz, aberastasunaren banaketa iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artean aldatu egin da, eta Europako estatuen arteko oreka politikoa hautsi da", azaldu du.

"Euroguneak gune bakar bezala funtzionatzeko, ekonomien arteko konbergentzia ezinbestekoa da, eta, horretarako, ekonomia ahulenak babestu behar dira, baina kontrakoa egiten ari dira", esan du.

Immigrazioari dagokionez, migrazio mugimendu nagusiak Afrika eta Asia barnean izaten direla eta Europak etorkin horien % 4 bakarrik hartzen dituela argitu du.

Europako Hauteskundeak

Bestalde, maiatzaren 25eko hauteskundeetan Europak ez duela gauza askorik jokoan izango adierazi du, Europako Parlamentuak egungo politikaren norabidea aldatzeko gaitasunik ez duelako, ahalmen hori ez baitu inoiz izan.

"Europako Parlamentuak ez du eskumenik legeak egiteko, Europako Batzordeak egindako zuzentarauak babestera mugatzen delako horren eginkizuna. Parlamentuak Batzordeko presidenteak aukeratuko du, Europako Batzordeak presidentegaia proposatuko du, eta Europako Batzordeak proposatutako presidentegai hori babestuko dute", deitoratu du.

Horren harian, Europaren norabide politikoa Bruselak, hots, Olih Rhenek markatzen duela esan du, eta Europar Batasunaren sare ekonomikoaren % 60-70 pribatizatu duela kritikatu du.

"Gaur, adibidez, Atlantikoaren bi aldeen arteko itunaren harira sekretuan egiten ari diren eztabaida da gai garrantzitsuenetako bat. Aldaketa sakonak egiteko une historiko batean gaude, eta orain hauteskundeak ez dira garrantzitsuak. Europan agintzen duten eliteen zilegitasuna bermatzea edo ez da argitu beharrekoa", azaldu du.

"Europaren norabide ekonomikoa Merkelek eta Sarkozyk adostu zuten 2010ean. Zorroztasun politika horren ondorioz, europarren % 30 zigortu dituzte, euroa salbatzeko, eta inork ezin du ezer egin irizpide horietatik kanpora", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea