Albisteak -

Hauteskunde kanpaina

Lopez: 'Etxean geratzea eskuin neoliberalari botoa ematea da'

Alderdi batzuen kezka "estatus berria eta mugak sortzea" izatea deitoratu du buruzagi sozialistak.

PSE-EEren hauteskunde kanpainaren hasiera ekitaldia, Bilbon. EFE
PSE-EEren hauteskunde kanpainaren hasiera ekitaldia, Bilbon. EFE
PSE-EEren hauteskunde kanpainaren hasiera ekitaldia, Bilbon. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak "Europako alderdi eskuindarrek inposatzen dizkiguten politikak" aldatzea beharrezkoa dela ohartarazi du, eta, horren ildotik, maiatzaren 25eko hauteskundeetan etxean geratzea "eskuin neoliberalari botoa ematea" izango dela ohartarazi du.

Lopezek hasiera eman dio Alderdi Sozialistaren hauteskunde kanpainari, Bilbon, Ramon Jauregui eta Eider Gardiazabal hautagaiekin batera. Horren esanetan, "Europaren ordua iritsi da", eta deitoratu egin du alderdi batzuen kezkak "estatus berria, mugak sortzea eta subiranotasun baztertzaileak bilatzea" izatea.

Buruzagi sozialistaren esanetan, bere alderdia ez da eztabaida horretan sartuko, "eskuina ukiezina zela uste genuen eredu soziala desegiten ari baita". "Batzuek euskaldun izatea zer den eta zer ez den eztabaidatzen ari diren bitartean, eskuin neoliberalak europar izaera kendu digu", salatu du.

"Erabakiak eskuinak hartzen baditu, politikek bide horretatik jarraituko dute", iritzi dio. Halaber, eskuineko politikak aldatzea "premiazkoa" dela zabaltzea eskatu die militante sozialistei.

"Boto-emaileei gure konpromisoa, Europako Alderdi Sozialista guztien konpromisoa, helarazi behar diegu: ezkerrera egin behar dugu, krisian ez dugu inor abandonatu behar, kendu nahi dizkiguten zerbitzu publikoak irmo defendatu behar ditugu, murrizketen erokeria amaitu behar dugu, eta enpresak eta langileak sustatu behar ditugu, langile gabe Europa geldirik dagoelako", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Sozialista