Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
'Boto erabilgarria' PPren aldekoa dela adierazi du Arantza Quirogak
EAJk Europan egun parlamentari bakarra duela eta horrela "erabakietan eragina izatea" ezinezkoa dela esan du PPk.
Erredakzioa
Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak bere alderdiaren alde bozkatzeko deia zabaldu du ostegun honetan, Europan "eragina" izateko "berme onena" baita. Horrenbestez, sozialisten proposamen "txikitzaileei" ezetz esatea eskatu du.
EAEko PPko goi-agintari nagusiak Gasteizen elkartu dira, Europako hauteskundeetako kanpainari hasiera emateko. Besteak beste, Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramailea eta Carlos Iturgaiz hautagaia izan dira bertan.
Ekitaldian, hauteskundeak garrantzitsuak direla gogorarazi du Quirogak, Espainiak eta Euskadik "asko" baitute jokoan.
Horren ildotik, EAJk proposatutako "euskal bidea"k ez dituela euskal herritarrak "egoera ekonomiko zail honetatik" aterako salatu du.
"Berme onena PPren alde bozkatzea da", nabarmendu du, eta EAJk Europan egun parlamentari bakarra duela ekarri du gogora. "Ordezkari bakarrarekin ezin da erabakietan eraginik izatea", esan du.
EAEko PPko presidentearen esanetan, PPren bidea "zabala" da, eta horretan "denek" dute lekua, nazionalisten bidea "estua" baita.
Bestalde, "nazionalismoak eta Europa kontraesankorrak" direla esan du Alonsok, eta EAJ Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearen alderdiarekin batera aurkeztu dela, eta alderdi horrek "[Espainiatik] banantzeko proposamena" egin duela deitoratu du.