Albisteak -
Europako Hauteskundeak
EBko presidentetzarako hautagaien arteko eztabaida, eitb.com-en
eitb.com atariak zuzenean eskainiko du Europako Batzordeko presidentetzara aurkeztu diren bost hautagaiek, denek batera, kanpainan egingo duten eztabaida saio bakarra. Gaur gauean izango da.
Erredakzioa
Europako Batzorderako presidentetzara aurkeztu diren bost hautagaiek eztabaida bakarra egingo dute denek batera hauteskunde kanpaina osoan. Gaur gauean izango da, eta eitb.com atariak zuzenean eskainiko du, streaming bidez, gaueko 21:00etatik 22:30era.
Europako Parlamentuko hemizikloak hartuko du eztabaida. 600 lagunek bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute. Esan bezala, aurrez aurre eseriko dira, eztabaidarako, bost hautagaiak: Jean-Claude Juncker (Europako Alderdi Popularra), Martin Schulz (Europako Alderdi Sozialista), Guy Verhofstadt ( Liberalen eta Demokraten Europaren aldeko Aliantza), Ska Keller ( Europako Alderdi Berdea) eta Alexis Tsipras (Europako Ezkerreko Alderdia). Monika Maggioni RAI News24 Italiako telebista-kate publikoko aurkezleak eta zuzendariak bideratuko du saioa.
Hiru zati izango ditu eztabaidak. Aurrena, hautagai bakoitzak, zati bakoitzaren hasieran, aurkezpen labur bat egin ahal izango du, eta horren ondoren, minutu bat izango du, gutxi gorabehera, galderei erantzuteko edota beste solaskideen adierazpenen inguruko iruzkinak egiteko.
Ingelesez egingo da eztabaida, baina berehalako itzulpen zerbitzua egongo da Europako Batasuneko 23 hizkuntza ofizialetara.