Albisteak -

Hauteskunde kanpaina

Urkullu: 'Bilduren eredua ez da europarra, haustura baitakar'

Lehendakariaren esanetan, ezker abertzalearen ereduak "atea ixten dio elkarrizketari".

Iñigo Urkullu lehendakariak, EAJk Donostian egindako ekitaldian. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakariak, EAJk Donostian egindako ekitaldian. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakariak, EAJk Donostian egindako ekitaldian. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ezker abertzalearen aurka egin, eta horren eredua ez dela "europarra" salatu du. Izan ere, "haustura erradikala" proposatzen du, eta horrek "atea ixten dio elkarrizketari, hitz egiten hasi baino lehen ere". Horren ildotik, herrialdeak behar duena "inbertsioa, hazkundea eta enplegua sustatzen dituen eredua" dela dio.

EAJk Donostiako Boulevardean egin du igande honetako mitin nagusia, maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetara begira. Bertan, Urkullu ez ezik, Izaskun Bilbao hautagai jeltzalea eta Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere izan dira.

Hitzaldian, lehendakariak "beste eredu ekonomiko bat" proposatu du Europarentzat, eta, horren harira, "sustapen neurrien eta enpresei eta ekoizpenari laguntzearen alde" agertu da. "Euskadiren ereduak hazkunde iraunkorra eta giza garapena ditu ardatz, eta Europara begira dago", nabarmendu du.

"Gure ereduak industria eta berrikuntza planak ditu, tokian tokiko enplegu planak sustatzen ditu, eta itunen eta langileen parte-hartzearen aldekoa da; hori da Eusko Jaurlaritzak proposatzen eta gauzatzen duen eredua", berretsi du.

Bestalde, Andoni Ortuzarrek "argudioak eta ideiak argi ez izatea" egotzi dio Bilduri. "Hori da Bilduren arazoa, eta, ondorioz, Gipuzkoarena ere bai", ohartarazi du.

Ortuzarren esanetan, koalizio abertzalea "ezetz" esatetik aitzakiak jartzera pasatu da: "ez dakit", "ez didate uzten", "ezin dut", "ez nekien", "ez dut gogoratzen", "ez dut ezer egingo"... "Egindako gauza bat zuzendu behar duten bakoitzean, potoan euro bat sartuko balute, krisitik aterako ginateke", adierazi du, ironiaz.

Buruzagi jeltzaleak "Madrilen soberan dituzten politikariak" Europako Parlamentura eraman izana egotzi die PPri eta PSOEri. "Eta, ondorioz, politikari horiek galduta daude Parlamentuan; nola izango dira gure ordezkariak lanik egiten ez badute?", galdegin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Albisteak Urkullu