Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
Zaborren auzian Gipuzkoak 'zentzutasuna berreskuratzea' nahi du EAJk
Izaskun Bilbao hautagaiaren ustez, Batzar Nagusiek kontrolatu egin beharko lituzkete Aldundiak Bruselari igorritako erantzunak.
Erredakzioa
Izaskun Bilbao EAJren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuaren ustez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek kontrolatu egin beharko lituzkete Bilduren foru Gobernuak Bruselari igorritako erantzunak, zaborren tratamenduaren inguruan.
Bilbao Beasainen izan da astelehen goizean, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuarekin eta Josean Galera sailburuordearekin batera, Sasietako zabortegia bisitatzen.
Ekitaldia Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketa gertatu baino lehen izan da. Krimen horren ostean, EAJk bertan behera utzi ditu arratsalderako aurreikusita zituen ekitaldi guztiak.
Beasainen, Bilbaok esan du Gipuzkoako Aldundiak Bruselari igorritako txosten bat irakurri duela, eta, horretan, foru agintariek "erantzukizunak onartzea saihestu dute" Zubietako erraustegiaren kontratuaren auzian, eta zaborren tratamenduari buruzko politiken berri ematean "akatsak" zeuden.
Hautagai jeltzaleak "hanka sartzea" egotzi dio koalizio abertzaleari. Izan ere, horren esanetan, EH Bilduk Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari (GHK) egotzi dio kontratua hautsi izana.
Bilbaok babestu egin du Gipuzkoako Aldundiak Bruselara jo izana, baina Batzar Nagusiek "kontrola" izan beharko luketela iritzi dio, "egia ezagutzeko eta Gipuzkoak zentzutasuna berreskuratzeko".