Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: PSOE
Ezkerra sindikatuekin aliatuta egotea aldarrikatu du Jaureguik
CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek babesa agertu diote hautagai sozialistari, Gasteizen egindako ekitaldi batean.
Erredakzioa
Ramon Jauregui PSOEren Europako hauteskundeetarako zerrendako bigarrenak ezkerra Europan "indartsua" izatea eta sindikatuekin aliatuta egotea aldarrikatu du, politika antisozialei aurre egin ahal izateko.
Jaureguik eta Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak hauteskunde ekitaldia egin dute Gasteizen. UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariak horiekin izan dira.
Hautagai sozialistaren esanetan, sindikatuen mundua "arriskuan" dago "kontserbadoreen politika ekonomikoen ondorioz" oro har, eta Espainiako Gobernuaren lan erreformaren ondorioz batik bat, langileak "babes gabe" daudelako.
Jaureguik adierazi duenez, sindikatu gabe langileak "ahulagoak" dira euren lan baldintzak defendatzeko, eta egun Espainiako gizarteak sindikatuen lana ez duela "nahiko" balioesten deitoratu du.
Lan hitzarmenen aurreraeragina bukatu den honetan, milaka langile "babes gabe" daudela salatu du buruzagi sozialistak. Gainera, lan erreformak soldatak % 20 arte murriztu dituela gaineratu du.
Hori dela eta, "Europa osoan sindikatuekin kontraerreforma bat adostea" proposatu du.