Albisteak -

Eztabaida

Langabezia eta murrizketak, debateko protagonistak

Kataluniaren eta Eskoziaren balizko independentzia Erresuma Batuko eta Espainiako barne arazo bat litzatekeela esan dute hautagai gehienek. Bruselak ez duela esku hartu behar erantsi dute.

Alexis Tsipras, Jean-Claude Juncker, Martin Schulz, Guy Verhofstadt eta Ska Keller hauatagaiak. EFE
Alexis Tsipras, Jean-Claude Juncker, Martin Schulz, Guy Verhofstadt eta Ska Keller hauatagaiak. EFE
Krisia eta langabezia, hizpide debatean

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordearen presidente izateko bost hautagaiek aurreneko eztabaida izan dute gaur. Langabeziaren aurkako borrokak toki garrantzitsua izan du debatean. Europako talde politiko nagusien bost hautagaiek krisiari aurre egiteko murrizketak kritikatu dituzte.

"Grezia Europako buruzagien akurria izan da", salatu du Alexis Tsipras Europako Ezkerraren Alderdiaren hautagaiak. Grezian erreskatearen truke inposatutako erreformak eta murrizketak gogor kritikatu ditu Tsiprasek eztabaidaren hasieran.

Jean-Claude Juncker Europako Alderdi Popularreko (PPE) hautagaiak, ostera, "elkartasunaren" Europa defendatu du. "Europa bidezkoago bat" beharrezkoa dela azpimarratu du Martin Schulz hautagai sozialistak hitza aurrenekoz hartu duenean. "Herritarren interesak lehentasuna" izan behar direla erantsi du.

Abstentzioaren beldur

Maiatzaren 22tik 25era arte nolako Europa nahi duten erabakitzeko, botoa ematera deitu dituzte herritarrak Tsipras, Juncker, Schulz, Guy Verhofstadt (Europaren aldeko Liberal eta Demokraten Aliantza) eta Ska Kellerrek (Europako Alderdi Berdea).

400 milioi herritarrek 751 eurodiputatu aukeratuko dituzte maiatzaren 22tik 25era. Eurodiputatuek Parlamentua osatu eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea ordezkatuko duen hautagaia aukeratuko dute aurrenekoz.

20 herrialdeko 50 telebistak eta hainbat webgunek zuzenean eman dute eztabaida.

Europako Parlamentua telebistako plato bihurtu dute Europako bandera handi batekin eta izarrekin apainduta.

Junckerrek "elkartasunaren" Europa defendatu du. "Norberak duena baino gehiago gastatzerik ez dago", nabarmendu du PPEKo hautagaiak, eta Europa osoan gutxieneko soldata bat ezartzearen alde agertu da.

Europar Batasunean "sei milioi gazte langabezian" daudela azpimarratu du Shulzek. Gazte horien etorkizuna "arriskuan" dagoela ohartarazi du.

Martin Schulz debatea efe

Martin Schulz hautagai sozialista. Argazkia: EFE

"Europaren etorkizuna erabakitzeko" eskatu die Ska Keller Berdeen hautagaiak bozemaileei. "Alternatiba bat proposatzen dugu, bankuez baino herritarrez arduratzen den Europa bat, solidarioa, klimaren aldaketaren aurka borroka egiten duen Europa, demokraziaren Europa bat, herrien Europa bat", esan du.

"Orain arte entzun dudana funtzionatu ez duten errezeta zaharrak dira", kritikatu du Verhofstadt hautagai liberalak. Verhofstadten hitzetan, EBk "hurbilketa berri bat" behar du. "Delorsek planteatu bezala, barne merkatua suspertu behar dugu", gaineratu du.

Monica Maggioni Italiako Rai telebistako aurkezleak eta Rob Hopkin BBCko kazetariak bideratu dute debatea. Hautagaiek frantsesez, ingelesez eta grezieraz hitz egin dute.

Katalunia eta Eskozia

Bestalde, Kataluniaren eta Eskoziaren balizko independentzia eta EBk eman beharreko erantzuna eztabaidagai bihurtu da debatean. Barne arazo bat litzatekeela esan dute hautagai gehienek, eta Bruselak ez duela esku hartu behar erantsi dute.

Junckerren hitzetan, "debate horretan ez murgiltzea zuhur jokatzea litzateke, Erresuma Batuaren eta Espainiaren eztabaida bat delako".

"Konstituzio nazionalen markoan gertatzen dena onartu beharko genuke", adierazi du Schulzek, Europak kasu horietarako irizpiderik ez duelako.

Verhofstadten esanetan, "EB ez da inplikatu behar, Espainia eta kataluniarren gaia delako".

Ska Keller efe

Ska Keller Europako Berdeen hautagaia. Argazkia: EFE

Kellerrek, ostera, herritarren erabakitzeko eskubidea ñabardurarik gabe babestu du. "Batzordeko presidente izango banintz, ongietorria egingo nieke burujabe izatea erabakitzen baldin badute", adierazi du.

"Autodeterminazio eskubidea" errespetatzen duela esan du Tsiprasek, baina nazionalismoek "emaitza positiborik ez" dakartela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna 2023