Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: UPyD
Rosa Diez: 'Ustelkeriaren aurka bozkatzeko lehen aukera da'
Herritarrak agintariekin "nazkatuta" daudela salatu du Maite Pagazaurtundua hautagaiak.
Erredakzioa
Rosa Diez UPyDko bozeramaileak maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetan botoa emateko deia egin du. Horren esanetan, bozak "ez dira 2015. urteko hauteskunde orokorren lehen itzulia izango", baizik eta "ustelkeriaren aurka bozkatzeko lehen aukera".
"Egiten duguna kontuan hartzeko deia egin nahi diet herritarrei, eta ez hauteskunde kanpainan esaten duguna", azpimarratu du Diezek.
UPyDk hauteskunde ekitaldia egin du Bilbon, eta, Diez ez ezik, Maite Pagazaurtundua hautagaia eta Gorka Maneiro legebiltzarkidea ere izan dira bertan.
Diezen esanetan, 2011. urtetik lehen aldiz, herritarrek alderdi "garbiagoak eta gardenagoak" babestu ahal izango dituzte hilaren 25eko hauteskundeetan, eta Gardentasun Internazionala gobernuz kanpoko erakundeak gaur aurkeztutako txostenean UPyDk nota onena lortu duela gogorarazi du.
Maite Pagazaurtunduaren esanetan, herritarrak agintariekin "nazkatuta" daude, eta politikariak "oso ahul agertzen dira euskaldunen eta kataluniarren aurrean, baina oso zorrotzak sektore ahulenen aurrean".
UPyDko hautagaiak adierazi duenez, PP eta PSOE "arazoaren parte dira, eta ez konponbidea", eta herritarrak bozkatzera joaten ez badira, "betikoek" gobernatuko dutela ohartarazi du.
Gorka Maneiro bide beretik ibili da, eta abstentzioa "ustelkeriari eta murrizketei oniritzia ematea" dela salatu du.
"Hauteskunde hauetan asko dugu jokoan", azpimarratu du.