Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: EAJ
Europan 'subiranotasunak partekatzea' eskatu du Urkulluk
Lehendakariak "Europa euskal eredua oinarri hartuta berriz fundatzeko" deia egin du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Europan "subiranotasunak partekatzea" proposatu du. Horretarako, Europak "gero eta eskuduntza gehiago uztea" eta Euskadi eta "beste unitate soziopolitikoak" barneratzea eskatu du.
EAJk ekitaldia egin du larunbat honetan Gasteizko Foruen Plazan, Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan. Bertan, Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Izaskun Bilbao hautagaia ere izan dira.
Urkulluren esanetan, krisiak "agerian" utzi ditu Europako erakundeen "gabeziak", eta, ondorioz, "herritarrak eszeptiko daude Batasunaren eraikuntza proiektuarekin".
Hori dela eta, "euskal eredua indartzeko" deia egin du lehendakariak, "Euskadik behar duen Europarentzat". Hori horrela, "Euskadiren eredua oinarri hartuta Europa berriz ere fundatzea" eskatu du. "Erakunde indartsuak, egitura federala eta Batzorde ordezkatzailea behar dira, baina, batik bat, Europak pertsonekin konpromisoa izatea", gaineratu du.
Bestalde, Andoni Ortuzarrek adierazi duenez, Euskadik ekarpen handiak egin diezazkioke Europa berri horri, eta "akats propioak" Europara eramatea egotzi dio Espainiako Estatuari.
"Espainian, azken 20 urteetan, gobernuek ez dute lortu adreiluaren, espekulazioaren eta ustelkeriaren ekoizpen eredua aldatzea; hori izan da euren eredua; ez diezaiotela porrot hori Europari egotzi; erantzuleak PSOE eta PP dira", salatu du.
EAJko presidenteak "Euskadiren eredua" goratu du, eta "beharrei" egoki dela azaldu du. "Ez du zerikusirik Espainiako ereduarekin; horiek dira duela 25 urte erein genituen fruituak, eta hori da orain errepikatu nahi duguna". Izan ere, Jaurlaritza "hirugarren industria-iraultza" sustatzen ari dela esan du.