Albisteak -

Hauteskunde kanpaina

Equo-Udaberri Europarrak 'pertsonentzako Europa bat' aldarrikatu du

Koalizio ezkertiarrak "Europako ekonomiaren trantsizio ekologikoa" egitea proposatu du, Irunen egindako ekitaldi batean.

Equo-Udaberri Europarraren hauteskunde ekitaldia. EiTB
Equo-Udaberri Europarraren hauteskunde ekitaldia. EiTB
Equo-Udaberri Europarraren hauteskunde ekitaldia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaberri Europarrak, Equo, Compromis, CHA, PUM+J eta beste hainbat alderdi ezkertiar biltzen dituen koalizioak, "pertsonentzako Europa bat eraikitzea" aldarrikatu du.

Koalizio ezkertiarrak ekitaldia egin du larunbat honetan Irunen (Gipuzkoa), Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan, eta, bertan, Europako Alderdi Berdearen ordezkariak ere izan dira.

Catherine Greze eta Sauveur Bacho Europe Ecologie-Les Verts alderdi frantziarreko kideek ekitaldian adierazi dutenez, Europako "ingurumen eta gizarte premiek kontinente osoan konbergentzia prozesua behar dute, herri europarren kultura eta hizkuntza aniztasuna urratu gabe, eta estatu gabeko nazioak eta gutxiengoak kontuan hartuta".

Bere aldetik, Florent Marcellesi Equoko hautagaiak "Europako ekonomiaren trantsizio ekologikoa" egitea proposatu du, "klima aldaketari eta gero eta handiagoak diren desberdintasunei aurre egiteko".

Marcellesik abiadura handiko trena (AHT) ere hartu du hizpide, eta berdeak proiektu horren aurka daudela azaldu du, "eliteentzakoa" izango baita. Alternatiba gisa, "mugikortasun jasangarria" sustatzeko "plan serioak" proposatu ditu, "lanpostu berdeak, duinak eta kalitatekoak sortzeko".

Bestalde, larunbatean Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izan dela eta, Equok bereizketa guztien amaiera eta "gaitz horren aurkako borrokan erakundeek eta eragile sozialek parte hartzea" eskatu du.

Aitor Urresti hautagaiaren esanetan, "lorpen handiak izan ditugu arlo legalean eta instituzionalean, baina oraindik asko dago egiteke homofobia eta transfobia ezabatzeko. Horren ildotik, eskoletako egoerak kezkatzen gaitu bereziki, homosexualen aurkako bullinga dagoelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea