Albisteak -

Hauteskunde kanpaina: EAJ

Euskadiko erakundeak Europan 'txertatzea' eskatu du Urkulluk

Bestalde, EH Bilduren eskaintza Euskadi Europar Batasunetik "ateratzea" dela salatu du Andoni Ortuzarrek.

Iñigo Urkullu lehendakaria, EAJk Sopelan egindako ekitaldian. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, EAJk Sopelan egindako ekitaldian. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, EAJk Sopelan egindako ekitaldian. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko erakundeak "Europar Batasuneko panorama instituzional berrian txertatzea" eta "nazioen estatus politikoa aitortzen dituen Europa baten alde lan egitea" eskatu du.

EAJk ekitaldia egin du igande honetan Sopelan (Bizkaia), Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan, eta, bertan, Izaskun Bilbao hautagaia eta Andoni Ortuzar alderdi jeltzaleko presidentea ere izan dira.

Urkulluren esanetan, Euskadik "herrialde gisa" hurrengo bost urteetan izango dituen erronkek "dimentsio europarra" izango dute.

"Hazkunde garaia da, eta Europan ahots propioa izan behar dugu, aurrera egiteko; ahotsa izanda, gehiago eta hobeto egingo dugu aurrera, orain arte bezala", esan du.

Lehendakariak adierazi duenez, EAJk baino ez du borroka egingo Euskadira helduko den "euro bakoitza pertsonentzat izateko". "EAJk baino ez ditu defendatuko Euskadiren interesak; noiznahi eta nonahi, Euskadiko interes nazionalak gizarte eredu europar propioaren zerbitzura", gaineratu du.

Bestalde, Andoni Ortuzarrek salatu egin du EH Bilduren eskaintza Euskadi Europar Batasunetik "ateratzea" dela.

Buruzagi jeltzalearen hitzetan, gai honetan "muturrak gertu daude". Izan ere, EH Bilduk "Europatik atera nahi gaitu", eta PPk "Euskadi Europan nazioa izatea nahi dugunoi Europar Batasunetik botatzeko mehatxu egin digu".

Horren esanetan, "EAJk oso argi du, eta Euskadi Europar Batasunaren barruak izatea nahi du, erabakiak hartzen diren lekuetan ahotsa eta botoa edukitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ