Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: EH Bildu
'Europa eraldatu nahi dutenen boto matxinoa' dela esan du EH Bilduk
Europa "gaixorik" dagoela eta sintomak "langabezia, prekarietatea, homofobia eta arrazakeria" direla salatu du koalizio abertzaleak.
Erredakzioa
EH Bilduk "Europa eraldatu nahi duten gazteen boto matxinoa" dela adierazi du. Horren ildotik, Europa "behetik gora eraikitzearen" eta lehentasuna "gazteei, emakumeei eta langileei" ematearen alde egin du.
Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du Donostian, Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan, eta, bertan, Ikoitz Arrese, Aitziber Salazar eta Josu Juaristi hautagaiak izan dira.
Ekitaldian, agintariek "estatu ikusezinen batasuna" sortu eta "herritarren eskubideak albo batera utzi" nahi dutela salatu dute hautagai abertzaleek.
"Multinazionalek eta finantza enpresek hartzen dituzten Troikaren erabakiak, baina aldatu egingo dugu hori", ohartarazi dute. Gainera, Europa "gaixorik" dagoela eta sintomak "langabezia, prekarietatea, homofobia eta arrazakeria" direla salatu dute. "Gaixotasun horren sendagaia gure esku dago", gaineratu dute.
Hautagai abertzaleek "bizimodu duina" nahi duten gazteen "ahotsa" izateko konpromisoa hartu dute, eta Bruselan ordezkaritza izatea "aukerak beteriko bidea" dela adierazi dute, beste hainbat herritako gazte matxinoekin batera "beste eredu baten alde borroka egiteko".
Azkenik, "zapalduen eta erabakiak hartzen diren espazioetatik at utzitakoen ahotsa" Europara eramango dutela aurreratu dute.
"Ez dugu nahi inperialismoaren, faxismoaren, homofobiaren, arrazakeriaren eta harresien Europa. Troikaren eta merkatuen Europaren aurka gaude. Ezetz esaten diegu murrizketen sustatzaileei", adierazi dute.