Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: PP
EAEko PPk eta Nafarroakoak 'lankidetzaren alde' egin dute
Bi alderdietako buruek hauteskunde ekitaldi bateratua egin dute Beran (Nafarroa).
Erredakzioa
EAEko PPk eta Nafarroakoak ekitaldi bateratua egin dute astearte honetan Beran (Nafarroa), Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan, eta, bertan, erkidegoen arteko "lankidetza eta batasuna" defendatu dute.
Ekitaldian bi alderdietako buruak, Arantza Quiroga eta Pablo Zalba, izan dira, Zoe Nubla hautagaiarekin eta Juan Loza UPNko zinegotziarekin batera.
Quirogak "mirespena" agertu dio Nafarroari, baina "errespetua oinarri". Izan ere, elkarrekin lan egitea beharrezkoa dela esan du, baina ez "Nafarroa euren proiektu politikoaren parte dela harrokeriaz uste duten nazionalistek bezala".
EAEko PPko presidenteak Europaren alde egitea ere eskatu du. "Euskal herritarrei egin diegun eskaintza Alemaniako Bavaria izatea da; Euskadi Espainian eta Europan Bavaria Alemanian eta Europan dagoen bezala egotea", azaldu du.
Bestalde, Pablo Zalbak txalotu egin du PPk egindako lana, "Europak berriz ere Espainiarekiko konfiantza izatea lortu baitu".
Zalbak PPren alde bozkatzeko dei egin die UPNko militanteei, alderdi hori ez baita Europak hauteskundeetara aurkeztu.