Albisteak -
Europako hauteskundeak
Erresuma Batuan eta Herbeheretan hasi dira Europako hauteskundeak
Bi kasuetan gorakada nabarmena aurreikusi diete alderdi politiko edo koalizio euroeszeptikoei. Bihar Irlandan eta Txekiar Errepublikan izango da bozketa.
Erredakzioa
Antieuropeismoak eta euroeszeptizismoak Europako hauteskundeak markatuko ditu bai Erresuma Batuan bai Herbehereetan, ostegun honetan.
Inkesta guztiek Erresuma Batuko Independentziaren aldeko Alderdi (UKIP) euroeszeptikoa faboritotzat jotzen dute. Horrela, alderdi tradizionalak gaindituko lituzke.
Europako Parlamentuko 73 eserleku banatu behar dituzte Erresuma Batuan, 2009an banatutako kopuru berdina.
Azken inkesten arabera, UKIPek botoen % 29-30 lortuko ditu. Alderdi euroeszeptikoak bat edo bi puntuko abantaila du Alderdi Laboristarekiko eta zazpi edo zortzi puntukoa kontserbadoreekiko, The Sunday Times edo The Sun egunkariek argitaratutako inkestek azaldu dutenez.
Kontserbadoreak, noraezean
Datuak baieztatzen baldin badira, Alderdi Kontserbadoreak atzera egiten jarraituko luke, Europari lotuta jarraitu nahi dutenen eta batasuna hautsi nahi dutenen artean noraezean daudelako.
2015ean garaipena lortzen baldin badu 2017an EBtik alde egiteko erreferenduma deituko duela agindu du David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak.
UKIPek, ostera, euroeszeptizismoari etekina atera dio, baita boto-emaile kontserbadoreen artean ere.
Herbehereak
Herbehereen kasuan, PVV alderdi euroeszeptikoak igoera handia izango duela eta, botoen % 14 eskuratuta, bigarren indarra izango dela aurreikusi dute. Hala, 4 eurodiputatu lortuko omen ditu (dituenaren bikoitza), eta Democraten 66 alderdi liberalak soilik lortuko omen du boto gehiago, % 18 eta 5 eurodiputatu hain zuzen ere.
Bozak ostiralean eta larunbatean
Herbehereen eta Britainia Handiaren ostean, bihar Irlandan eta Txekiar Errepublikan egingo dituzte hauteskundeak, eta larunbatean Lenoriaren, Maltaren eta Eslovakiaren txanda izango da.
Igandean bozkatuko dute Europar Batasuneko gainerako estatuetan, Frantziakoan eta Espainiakoan barne.