Europakoak 2024 -
Cañete, matxista eta 'kobazuloetako gizona' nazioarteko kazetarientzat
Cañetek esan zuen "oso zaila" dela emakume baten kontrako eztabaida politiko batean parte hartzea, gizonak "nagusitasun intelektuala" erakusten badu, irudi "matxista" eman dezakeelako.
Erredakzioa
Miguel Arias Cañete Europako hauteskundeetarako PPren hautagaia da aurtengo kanpainako protagonista, emakumeei buruz esandako hitz polemikoengatik.
Elena Valenciano sozialistarekin telebistan debatea egin ondoren, Cañetek esan zuen "oso zaila" dela emakume baten kontrako eztabaida politiko batean parte hartzea, gizonak "nagusitasun intelektuala" erakusten badu, irudi "matxista" eman dezakeelako "babesik gabeko emakume baten aurrean".
Astebete beranduago, Cañeteren hitzak hauteskunde kanpainako mitin eta hitzaldi guztietan agertu dira, baita nazioarteko egunkarietan ere. PPren hautagaia “kobazuloetako gizona” dela adierazi du egunotan kazetariren batek.
Adibide moduan, Financial Times britainarrak esan du Cañeteren hitzek kaltea egingo diotela PPri, “emakumezkoen eskubideei dagokienez, atzeratuta daudela agerian uzten baitute popularrek”. Rajoyren Gobernuak abortuaren erreforma proposatu zuenean ere eztabaida handia piztu zuela gogoratu du egunkari horrek. Azkenik, telebistan Valencianorekin egindako eztabaidan, Cañetek esandako hitz guztiak “irakurri” egin zituela kritikatu du Financial Timesek.
The Guardianen, ministro ohiaren hitzak kritikatzeaz gain, kazetariak nabarmendu egin dituzte PPko zenbait emakumek egindako gaitzespenak, tartean Ana Botella edota Alicia Sánchez Camacho.
Baina artikulurik gogorrena Die Welt alemaniarrak idatzi du. PPko hautagaia “kobazuloetako gizona” ezizenarekin aurkeztu du eta aurretik Cañetek egindako beste adierazpen batzuk gogora ekarri ditu. Nekazaritza ministroa zenean, erregadioak “emakumeak bezala” erabili behar direla esan zuen: “kontu handiz”.
Twitterren ere, Cañeteren hitzek hautsak harrotu zituzten: handik eta ordu gutxira, ‘HomoCañetus’ ezizena jarri zioten hautagai popularrari, eta Trendin Topic bihurtu zen.