Hauteskunde Orokorrak -
KANPAINA
Abian da hauteskunde orokorretako kanpaina
Autogobernuaren defentsa, prozesu soberanista, krisia, ustelkeria eta alderdi-bitasunaren balizko amaiera izan dira alderdien ekitaldi politikoetako gai nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJ
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar EAJren presidenteak esan dute datozen hauteskundeak “erabakigarriak” izango direla, euskal herritarren etorkizuna jokoan dagoelako. Gainera, Espainiako Gobernua PPk eta Ciudadanosek osatuz gero, Euskadirentzat “askoz okerragoa” izango dela ohartarazi dute.
EAJk Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan egin du kanpaina hasierako ekitaldia. Ortuzarrekin eta Urkullurekin batera, jeltzaleen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak izan dira bertan: Mikel Legarda, Aitor Esteban eta Joseba Agirretxea.
Ortuzarrek azpimarratu du euskal herritarrek inoiz baino gehiago dutela jokoan, “autogobernuaren etorkizuna” kolokan dagoelako. Hortaz, Kongresuan EAJk indarra izatea ezinbestekoa dela adierazi du.
“EAJk argi dauka. Beti izan dugu argi. Gu Madrilera Euskadi defendatzera goaz. Euskadi da inporta zaiguna”, esan du, eta EAJk Euskadiren autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoa babestuko dituela erantsi.
EH Bildu
Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidenteak hautetsontziak “boto independentistekin betetzeko” deia egin du, “aldebakarreko prozesu subiranista hasteko gihar nahikoa” dagoela erakusteko.
Koalizio abertzaleak Gasteizko Aldabe gizarte etxean hasi du hauteskunde kanpaina. Bertan, Arraiz ez ezik, Iker Urbina eta Lorena Lopez de Lacalle Kongresurako eta Senaturako Arabako hautagaiak, Pello Urizar (EA) eta Oskar Matute (Alternatiba) ere izan dira.
“Indarra erakutsi behar dugu, prozesu subiranistara bideratzeko”, aldarrikatu du Arraizek, eta abenduaren 20an EH Bilduren alde bozkatzea eskatu die independentista eta demokrata direnei.
Bestalde, Iker Urbinak esan du badela garaia Arabara aldaketa politikoa eta soziala ekartzeko “beste pauso bat” emateko. “Maroto bota genuenean bezala, EH Bilduri emandako boto bakoitzak ustelak botatzeko balioko du”, nabarmendu du.
Alderdi Sozialista
Patxi Lopez Diputatuen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu sozialistak PSOEren eta Pedro Sanchez hautagaiaren alde bozkatzeko deia egin die progresistei, PPk eta Ciudadanosek bat egitea eta Mariano Rajoyk “lau urte gehiago jarraitzea” galarazteko.
Bilbon eskainitako mitin batean, Lopezek hizpide hartu ditu azken inkestak, eta “denek” gauza bera “baieztatzen” dutela esan du: “Eskuinaren aurrean dagoen alternatiba bakarra PSOE da”.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, bere aldetik, azpimarratu du Euskadiren interesak Espainiako Gobernuan ere defendatzen direla: “Euskal herritarrok presidente indartsu bat nahi dugu, Euskadik eta Espainiak behar dituen erreformei heltzeko”.
Pedro Sanchezek, berriz, botoa PSOEri ematea eskatu du, “gezurren gobernuari” aurre egiteko. “Lau urteotan manipulatzen eta gezurretan aritu dira, eta gaur ere gauza bera egin dute”, kritikatu du, CIS inkesta gogoan hartuta.
Alderdi Popularra
Alfonso Alonso EAEko PPko presidente eta Arabako zerrendaburuak adierazi duenez, popularrak “euskal herritarren ahotsa” izango dira Madrilen, “modu praktikoan, liskarrak bilatu gabe”.
EAEko PPk Bilbon ekin dio kanpainari, eta Leopoldo Barreda eta Borja Semper Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagaiak ere izan dira bertan.
Alonsoren esanetan, bere alderdiak “zubia” izan nahi du Euskadiren eta Espainiako gainerako erkidegoen artean, “euskal herritarrek protagonismo aktiboa izan dezaten denok nahi dugun Espainia eraikitzen”.
Bestalde, botoa PPri ematea eskatu du Mariano Rajoyk, eta legegintzaldi honetan Espainiako Gobernuko presidente moduan egin duen kudeaketa defendatu du: “Iraganak erakusten du gobernatzen jakin dugula”. “Abenduaren 20ko hauteskundeak irabaziko ditugu”, erantsi du.
Ahal Dugu
Juantxo Lopez de Uralde Ahal Duguren Arabako zerrendaburuak esan du “aldaketarako” eta krisi ekonomikoa eta politikoa eragin duten alderdiak “zigortzeko” unea iritsi dela.
Ahal Duguk Gasteizen egindako ekitaldi batekin eman dio hasiera hauteskunde-kanpainari. Eduardo Maura eta Nagua Alba Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren, ere ekitaldian izan dira. Ahal Dugu eta Equo koalizioan aurkeztu dira hauteskundeetara.
“Herri honetako politika aldatzeko benetako aukera dauka gizarteak. Egungo egoera eragin dutenak zigortzeko ordua heldu da”, azpimarratu du Lopez de Uraldek. “Aldaketa, demokrazia parte-hartzailea, gardentasuna, berritasuna eta itxaropena eskaintzen ditugun aukera gara”, erantsi du.
Bestalde, Pablo Iglesiasek esan du “jendearen ilusioak airean” eramango dituztela eta inkestek iragarritakoari buelta emango diotela. “Hauteskunde hauetan, iragana edo etorkizuna, zaharra eta berria, aukeratuko dugu, eta gu harro gaude etorkizuna ordezkatzen dugulako”, azpimarratu du.
Ciudadanos
Ciudadanosen esanetan, “ilusioak beti menperatzen du beldurra”. Aldarri horrekin abiatu du kanpaina Nicolas de Miguel alderdi laranjak EAEn duen bozeramaileak.
Agiri batean jakinarazi duenez, Ciudadanos Euskadik EAEko hiru hiriburuetan kartelak jartzen abiatu du kanpaina.
De Miguel Donostian izan da, eta honakoa adierazi du bertan: “Ciudadanosek irabaztea du helburu, hauteskunde nazional hauetan gure herrialdeak etorkizuna baitu jokoan; herritarrek politikagintza zaharraren eta gure artean aukeratu ahal izango dute”.
Bestalde, Albert Riverak adierazi du bere proiektuak soilik piztu duela herritarren “ilusioa”, eta abenduaren 20an “ezustekoa” emango dutela eta hauteskundeak irabaziko dituztela iragarri du.
Ezker Anitza
Ezker Anitza-IU Orain Baterak “ezkerraren indarra” aldarrikatu du Deustun (Bilbo), eta krisiari aurre egiteko alternatiba bakarrak “ezkerreko proposamenak” direla gaineratu du.
Alderdi ezkertiarrak Done Petri enparantzan kartelak jarriz abiatu du kanpaina. Xabier Jimenez eta Iñigo Martinez Senaturako eta Kongresurako Bizkaiko hautagaiak izan dira bertan.
“Kanpaina militantea eta kalekoa izango da, gehiengo soziala krisitik aterako dutenak ezkerreko proposamenak direla konbentzitzeko”, adierazi du Martinezek.
Bestalde, Alberto Garzon IUren presidentegaiak esan du bere hautagaitzak soilik eramango duela “benetako aldaketa” Espainiara. Gainera, M15 mugimenduaren ordezkaritzat jo du bere burua, “eskubideen sugarra piztuta mantentzeko”.