Ekonomia -
AURREKONTUAK 2016
EAEko aurrekontuak aurrera jarraitzen du, EAJ-PSE itunari esker
EH Bilduk, PPk eta UPyDk Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren aurrean aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko 2016ko aurrekontuek lehenengo tramitea gainditu dute Eusko Legebiltzarrean, EAJk eta PSE-EEk 10.933 milioi euroko aurrekontua aurrera ateratzeko egin zuten itunari esker, EH Bilduren, PPren eta UPyDren osoko zuzenketak atzera botata.
EAJk eta PSE-EEk botoak batu dituzte Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen itzulera galarazteko.
Datorren asteazkenean, abenduaren 9an, alderdiek aurkeztutako 1.336 zuzenketak eztabaidatuko dituzte batzordean, eta hilaren 23an izango da behin betiko onarpena, aurreikuspen guztien arabera.
Lehendakariaren defentsa
Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzak 2016rako onartutako aurrekontu proiektua defendatu du gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. EH Bilduk, PPk eta UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatuko dituzte gaur Gasteizko Ganberan.
Saioaren hasieran, lehendakariak hartu du hitza, proiektuaren alde egiteko. Horren hitzetan, PSE-EErekin adostutako akordioa enpleguaren eta ekonomiaren hazkundea "egonkortzeko" tresna bat da. Euskadiren etorkizun ekonomiko, politiko eta sozialerako oinarriak ezartzeko bermea ere izango da sozialistekin erdietsitako akordioa, Urkulluren aburuz.
"Ekonomiaren eta finantzen egoerak baldintzatutako lehentasunak eta ekimenak dira, baina euskal gizartearen oraina bermatzera bideratuta daude, baita Euskadiren etorkizuneko beharrei aurre egitera ere", esan du.
Sozialistekin lortutako akordioari esker, "ekonomia suspertzeko eta enpleguaren alde egiteko politikak" bermatuko direla esan du. "Enplegu-sorkuntzaren bidea zabaltzen lagundu nahi dugu; bereziki, gazteen artean eta lan-kolektiborik ahulenen artean", zehaztu du. Azken urteak "zailak" izan direla esan du, baina hemendik aurrera "egoerari aurre egitea posible" izango dela gaineratu du. Bide horretan, Kontzertu Ekonomikoaren defentsa egin du. Azken hilabeteotan ekonomiak izan duen bilakaera "positiboa" ikusita, 2016a etorkizunerako oinarriak ezartzeko urtea izango da, Urkulluren iritzian.
Osoko zuzenketak
EH Bildu aurrekontu proiektuaren kontra agertu da, aurreko urteetako "murrizketak" berresten dituela, eta Europako erakundeetatik eta Espainiako Gobernutik agindutako austeritate politikei "men" egiten dielako.
Marian Beitialarrangoitia koalizio abertzalearen legebiltzarkideak osoko zuzenketa babestu du, eta salatu du murrizketek "bide bazterrean" utziko dituela krisi ekonomikoak jota dauden "milaka euskal herritar".
Taldeen txandan, Alderdi Popularrak kontuak atzera botatzeko eskatu du Legebiltzarrean, ekarpenik ez dutela egiten eta krisi garaiko murrizketei eusten dietela argudiatuta. Anton Damborenea legebiltzarkideak hitz egin du popularren izenean.
Besteak beste, diru-sarrerak bermatzeko errentara bideratutako diru-partidan izandako murrizketa nabarmendu dute popularrek. "Funtzionarioen soldata % 1 igoko da, baina gainerako herritarren egoera ez dute ezertan aldatuko aurrekontu hauek", esan du Damboreneak.
"Iazko aurrekontu berbera ekarri diguzue. Zuen lehentasuna enplegua dela diozue, eta aipatzen dituzuen 300 milioi euro horietatik, enplegura edota inbertsiora euro bakar bat ere ez duzue bideratu. Euro bakar bat ere ez. Harrituta gaude!", nabarmendu du.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak ere aurrekontuak itzultzea eskatu du, "oso onak" direlako "EAJrentzat eta PSErentzat, baina oso txarrak herritarrentzat", "murrizketa sozialak berresten dituelako, herritarren beharrak asetzen ez dituelako, diru publikoaren banaketa zuzena ez delako eta jarduera ekonomikoa eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sustatzen laguntzen ez duelako".
EH Bilduren, PPren eta UPyDren argudioak entzun ostean, Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak hartu du hitza. EH Bilduren osoko zuzenketa "politikoa", "demagogikoa" eta "sinestezina" dela salatu du.
Bestalde, Josune Gorospek hitz egin du, EAJren izenean, PPren zuzenketaz hitz egiteko, eta gogor kritikatu du popularrek "murrizketak" ikustea, alderdi hori denean "eskubideak murrizteko oldea" sustatu duena.