Hauteskunde Orokorrak -
CIS-en inkesta
PPk irabaziko ditu hauteskundeak, baina babesa beharko du gobernatzeko
Botoen % 28,6 eta 120-128 eserleku lortuko ditu, CISen arabera. Ciudadanosek PSOErekin duen aldea txikituko du.
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, Alderdi Popularrak (PP) irabaziko lituzke, baina ez luke gobernatzeko eta inbestidura saiorako gehiengo nahikoa lortuko, eta beste alderdi batzuekin negoziatu beharko luke. Mariano Rajoy buru duen alderdiak botoen % 28,6 eta 120-128 eserleku eskuratuko lituzke, CIS etxeak egindako galdeketaren arabera.
PSOEk bigarren indarra izaten jarraituko luke (botoen % 20,8 eta 77-89 eserleku), urriko inkestarekin alderatuta apur bat jaitsi bada ere.
Ciudadanosek gora egingo luke (urriko galdeketan aurreikusitakoa baino 4,3 puntu gehiago), bozen % 19 eta 63-66 ordezkari lortuta. Riveraren alderdia, beraz, gakoa izan daiteke Rajoyren inbestidura bermatzeko.
Podemosek, azkenik, botoen % 9,1 eskuratzea aurreikusi du inkestak (23-25 diputatu). En Comu Podem (Podemosek, EUiAk eta ICVk Katalunian osatutako koalizioa) izango litzateke bosgarren indar (10-11 eserleku), hauteskundeak gaur egingo balira. CDCren Democracia i Libertad hautagaitzak botoen % 2,2ren babesa jasoko luke (9 ordezkari).
Alberto Garzonen Izquierda Unida-Unidad Popular alderdiak hiruzpalau diputatu izango lituzke Kongresu berrian.
UPyD eta Unio alderdiek, ordea, ez lukete ordezkaritzarik lortuko. Alderdi nazionalistei dagokienez, ERCk zazpi ordezkari lortuko lituzke; EAJk egun dituen bostei eutsiko lieke, eta EH Bilduk Amaiurrek 2011n eskuratutako sei-zazpiak jasoko lituzke. Geroa Baik, baina, ez luke eserlekurik lortuko.
Riverak jaso du nota onena
Hauteskundeetako presidentegaiei 0 eta 10 arteko nota jartzeko eskatu die CIS etxeak galdetutakoei. Horren arabera, Albert Riverak jaso du notarik onena: 4,89koa. Alberto Garzon geratu da bigarren (4,62), eta Pedro Sanchez, hirugarren (4,59). Zerrendan beherago, Pablo Iglesias (3,87) eta Mariano Rajoy (3,31) ageri dira.