Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hasiera
PSE: 'Aldaketa botoak banantzea Rajoy iraunaraztea da'
Idoia Mendiak ziurtatu du “alternatiba bakarra” Pedro Sanchez dela.
AGENTZIAK
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia Pablo Iglesias Podemoseko buruari zuzendu zaio, eta ohartarazi dio ez dela "sozialdemokrata" Gobernu sozialista bat "galaraztea" eta "PP beste lau urte gobernatzen uztea".
Hori dela eta, Mariano Rajoy agintetik bota nahi badute, “alternatiba bakarra” Pedro Sanchez dela esan die Mendiak boto-emaileei.
PSE-EEk Gasteizko Zaramaga auzoan eman dio hasiera ekainaren 26ko hauteskundeen kanpainari, Mendiarekin berarekin eta Patxi Lopez, Odon Elorza eta Javier Lasarte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuekin.
Bestalde, Patxi Lopezek esan du kanpaina hau "beste aukera" bat dela "oraingoan bai, aldaketa Gobernua osatu ahal izateko".
Odon Elorzaren ustez, azken sei hilabeteak "alferrik" pasatu dira, eta Rajoy botatzeko akordioa espero zuten ezkertiarrak "haserre" daudela esan du.
Azkenik, Javier Lasartek "aulkiak eta Kataluniako erabakitzeko eskubidea" lehenestea egotzi dio Podemosi, "gobernua aldatzea eta Rajoy oposiziora bidaltzea baino gehiago".