Hauteskunde Orokorrak -
Diputatuak
'Felisuco' eta Cañamero, aurpegi berriak Kongresuan
Gainera, Eduardo Madina sozialistak berriro lortu du eserlekua, eta Julio Rodriguez JEMAD ohia Ganberatik at geratu da berriz.
Agentziak | Erredakzioa
XI. Legealdian aurpegi berriak izango dira Kongresuan, besteak beste, Felix Alvarez ‘Felisuco’ komikoa, Diego Cañamero jornalaria eta Manuel Monereo irakasle historikoa. Eduardo Madina sozialistak eserlekua lortu du berriro, eta Julio Rodriguez JEMAD ohia Ganberatik kanpo geratu da berriz.
Ekainaren 26ko hauteskunde orokorrek hiru aktore jarri dituzte Diputatuen Kongresuan: Felix Alvarez ‘Felisuco’, Ciudadanosen Kantabriako zerrendaburua; Rosana Pastor, Unidos Podemoseko hautagaia Valentzian; eta Toni Canto, oraingoan Ciudadanoseko ordezkari bezala.
Unidos Podemosen bi ‘fitxaketa’ ospetsuenak Diego Cañamero SAT sindikatuko buruzagia (Jaeneko zerrendaburua) eta Manuel Monereo IUko buruzagi ohia (Kordobako zerrendaburua) dira. Herritarrek biak aukeratu dituzte.
Madina itzuli da
Bestalde, PSOEko Idazkaritza Nagusia lortzeko lehian Pedro Sanchezen arerioa izan zen Eduardo Madinak eserlekua lortu du oraingoan, iragan abenduko hauteskundeetan Kongresutik kanpo geratu ondoren.
PSOEren Zuzendaritza Federalak Madrilgo zerrendan toki berean, zazpigarrenean, aurkeztea erabaki zuen, baina PSOEk lortutako emaitzek Ganberara itzultzeko aukera eman diote Madinari.
Zaida Cantera bai, Julio Rodriguez ez
Zaida Cantera (PSOE) Armadako komandante ohiak ere eserlekua lortu du berriro. Julio Rodriguez (Podemos) Defentsako Estatu Nagusiko buruzagi ohia, aldiz, Ganberatik at geratu da berriro.
Almeriako zerrendaburu izendatu zuen alderdi moreak Rodriguez, baina Aireko Armadako jeneral ohiak ez du Kongresuan eserleku bat izateko boto nahikorik lortu. Abenduko hauteskundeetan Zaragozako zerrendan bigarrena izan zen Rodriguez.