Hauteskunde Orokorrak -

Kanpainaren itxiera

Casadok, Sanchezek, Iglesiasek eta Riverak azken ahalegina egin dute

Casadok esan du PPk irabaziko dituela hauteskundeak. Sanchez ere ziur dago PSOEren garaipenaz. Iglesiasek "eskuinari aurre egiteko" botoa eskatu du. Riverak Sanchez Moncloatik botako duela agindu du.

PP, PSOE, Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos alderdien ekitaldiak. Argazkia: EiTB
PP, PSOE, Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos alderdien ekitaldiak.
PP, PSOE, Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos alderdien ekitaldiak. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Casado Alderdi Popularraren hautagaiak "Espainia bihotzean, baina zentzuarekin" bozkatzeko eskatu die herritarrei, eta ziur agertu da apirilaren 28ko hauteskundeetan bere alderdia izango dela garaile, "askok zatituta eta etsita ikusi nahi baikaituzte ere".  

Alderdi Popularrak Madrilen, WiZink zentroan egin du kanpaina bukaerako ekitaldia, 10.000 jarraitzaileren aurrean.

Casadok esan du PP "beti" egongo dela "zentro politiko eta ideologikoan" eta erantsi du PP dela "Espainiaren bizkarrezurra".

Bere hitzartzean, Casadok ez ditu eskuineko beste bi alderdiak aipatu –Ciudadanos eta Vox-, baina botoa nori eman bi aldiz pentsatzeko galdegin du. "Botoa ematea doanekoa da, baina garesti atera daiteke; ondo pentsatu zer bozkatuko duzuen, Espainiaren etorkizuna baitago jokoan", ohartarazi du.

Ildo horretan, Pedro Sanchezen Gobernuarekin amaitzeko "aukera bakarra" Alderdi Popularra dela ziurtatu du.

Casadoren antzera, Pedro Sanchez ere baikor azaldu da eta hauteskundean PSOEk irabaziko dituela agindu du. Espainiako Alderdi Sozialistak Valentzian egin du kanpaina amaitzeko ekitaldia eta 6.000 lagun bildu ditu.

Albert Riverak azken egunotan bere kontra esan dituenak gogoan, Sanchezek irmotasunez erantzun dio: "Ciudadanosek zentroa eta eskuina utzi ditu, eskuin-muturrera joateko, eta sektarismo horrekin jokatu izana garesti ordainduko du igandean", azpimarratu du.

Elkarrekin Podemosek Madrilen egin du kanpainako azken ekitaldia eta jendetza batu da bertan. Pablo Iglesiasek adierazi du "eskuinari aurre egiteko boto baliagarri bakarra" bere alderdiarena dela.

"Guri bozkatzea da berme bakarra eskuina geldiarazteko eta Espainian politika aurrerakoiak izateko", nabarmendu du.

Albert Riverak, berriz, Ciudadanosen alde bozkatzea eskatu du, alderdi horren boto-paperak balio bikoitza izango duela azpimarratuta: "Alde batetik, Sanchez Gobernutik kanporatzeko balioko du, eta bestetik, Ciudadanos Moncloara eramango du. Har ezazue boto-paper laranja eta gozatu".

Ciudadanosek Valentzian egin du kanpaina amaitzeko ekitaldia eta 2.000 lagun inguru bildu ditu bertan.

Hamar urteko ibilbidearen ostean, Riverak adierazi du prest dagoela Espainiako Gobernua zuzentzeko eta, eserleku nahikoa izanez gero, Sanchez Moncloatik bota eta gobernua eratuko duela agindu du. "Aukera badago aprobetxatu egingo dut", erantsi du.

Bere agerraldian, Riverak ez du Alderdi Popularrari buruzko aipamenik egin, eta, aurrekoan ez bezala, gaurkoan ez dio eskua luzatu elkarrekin gobernatzeko.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Hauteskunde orokorrak Pablo Iglesias Pedro Sánchez Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Albert Rivera Hauteskundeak Pablo Casado Blanco