Hauteskunde Orokorrak -
A28
Hautesleei mobilizatzeko eskatu diete kanpaina amaieran
Botoa eskatzeko azken orduak hauteskunde estrategiaren ardatz izan diren mezuak errepikatzeko erabili dituzte Euskadiko indar politiko nagusiek.
eitb.eus
Euskal Autonomia Erkidegoko indar politikoek hauteskunde kanpaina itxi dute dagoeneko. Botoa eskatzeko azken orduak hauteskunde estrategiaren ardatz izan diren mezuak errepikatzeko erabili dituzte.
Era berean, hautesleei mobilizatzeko eskatu diete, boto bakoitza garrantzitsua dela gogoraraziz, hitzorduaren emaitza iragartzerik ez dagoelako; erabaki gabeko boto askorekin, boz ezkutu dezenteekin eta parte-hartze handiarekin.
Euskadin 1.790.000 herritarrek 18 diputatu eta 12 senatari aukeratu behar dituzte.
Lander Martinez Ahal Duguko idazkari orokorrak eta Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean duen bozeramaileak hauteskunde orokorretan "inor etxean ez geratzea" eskatu du, baita "inor ez uztea inguruko jendeari bozkatzera joateko konbentzitzeari".
EAEko kanpainaren azken ekitaldia egin du koalizio moreak Gallartan (Bizkaia), Dolores Ibarruri Pasionaria-ren jaioterrian.
"Espainiako alderdien beldur" dela adierazi du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, PSOEko eta Unidas Podemoseko hautagaiak hurrenez hurren, Euskadin "Troiako zaldiak" direla ohartarazi du buruzagi jeltzaleak. Fidatzerik ez dagoela erantsi du.
Ortuzarrek hitza hartu du arratsaldean, EAJren azken mitinean, Bilbon. Jeltzaleek kanpaina itxi dute bertan, igandeko hauteskundeen zain. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko hautagaiak ekitaldian parte hartu dute.
Espainiako Alderdi Sozialistaren aldeko "boto masiboa" eskatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, "eskuina geldiarazi eta historia egiteko".
Euskadiko Alderdi Sozialistak Gasteizen egin du kanpainaren itxierako ekitaldia, eta han izan dira Idoia Mendia buruzagia eta Isabel Celaa, Patxi Lopez eta Odon Elorza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren.
Ezker soberanisten aliantzak igandean "milioi bat boto", horietatik "200.000 Euskal Herrian", eta Kongresuan "gutxienez 15 diputatu" lortu behar dituela adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Madrilera "olatu errepublikarra, feminista eta independentista" eramateko. "Erabakigarriak izango gara", ziurtatu du.
Koalizioak kanpaina ixteko ekitaldia Errenterian (Gipuzkoa) egin du. Julen Mendoza bertako alkateak, Bel Pozueta Kongresurako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuak, Mertxe Aizpuruak (Gipuzkoa), Oskar Matutek (Bizkaia), Iñaki Ruiz de Pinedok (Araba) eta Jon Iñarritu senatari eta Kongresurako hautagaiak ere hitza hartu dute. "Herrialde ezberdinetan agintzeko hauteskunde kanpainetara aurkezteko beharrik ez duen jendea dago, baita gurean ere", salatu du Otegik.
Javier Maroto PPren Antolakuntzako idazkariordeak eta Kongresurako Arabako zerrendaburuak esan duenez, Euskadin aukera guztiak, bere alderdia izan ezik, Pedro Sanchez Moncloan "geratzera" daude bideratuta.
"Euskadiko sigla guztiek, PPk izan ezik, Sanchez Moncloan geratzera eramango gaituzte; beste guztiek, bat ere ahaztu gabe", esan du Euskadiko popularrek Bilbon egin duten kanpainaren itxiera ekitaldian, EAEko buruzagien eta hautagaien presentziarekin.