Hauteskunde Orokorrak -

Kanpainaren 1. eguna

Nekazariak eta abeltzainak Nafarroan estrategikoak direla defendatu du Geroa Baik

Chivitek "Nafarroarekin jolastea" leporatu die PP eta Ciudadanosi, Elkarrekin Podemosek etxebizitza alokairuen prezioa arautzea eskatu du, eta EH Bilduk "inboluzioari" erantzuteko aukera dela esan du

Maria Solana, Geroa Bairen hautagaia. Argazkia: Efe
Maria Solana, Geroa Bairen hautagaia. Argazkia: Efe
Maria Solana, Geroa Bairen hautagaia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorretako kanpainaren lehenengo egunean, Nafarroaren eskumenak, inboluzio eta murrizketa arriskua, eta etxebizitzaren alokairuaz hitz egiteko baliatu dute Foru Erkidegoko hautagaiek (Navarra Sumak ez du ekitaldirik egin).

PSN

Maria Chivite PSNren idazkari nagusi eta Nafarroako presidenteak "politika nazionala egiteko Nafarroarekin jolasten" aritzea leporatu die Pablo Casado eta Albert Rivera PPren eta Ciudadanosen buruei, baina ohartarazi die Nafarroa ez dela "truke txanpona" izango.

Nafarroa Arenan egindako kanpainako ekitaldi nagusian, Pedro Sanchez bertan zela, Chivitek esan du "diskurtso apokaliptikoak gezurra" direla. Horregatik, Javier Esparza UPNren presidenteari Casadoren eta Riberaren "panpina" ez izateko eskatu dio.

"Nafarroak dagoeneko erabaki du demokratikoki ze gobernu nahi duen" eta "gure apustuarekin jarraituko dugu", adierazi du, berrikuntzari, iraunkortasunari eta berdintasunari erreferentzia eginez. Sanchezi begira, Chivitek eskerrak eman dizkio PSOEri PSNrengan konfiantza izan duelako "eskuindarrek diskurtso faltsuekin" eraso egiten zietenean, eta "gure foralitatean eta gure bizikidetzaren, errespetuaren eta elkarrizketaren aldeko apustuan" sinesteagatik.

"Ez da gauza bera batzuek eta besteek egin nagi duguna", gaineratu du, eskuin muturra Europan geratuko dela eta horren aurrean "mobilizatu beharra" dagoela esan aurretik.

Sanchezek, bere aldetik, Pablo Iglesias Unidas Podemosen buruzagiaren aurka jo du, eta galdetu dio (ekitaldi guztietan egiteko asmoa duen bezala) ea azaroaren 10aren ostean "bosgarrenez" blokeatuko duen PSOE buru izango lukeen gobernua.

"Ez dadila botorik etxean geratu, eta ez dadila botorik alferrik galdu", azpimarratu du Sanchezek 1.500 pertsonaren aurrean.

Hautagai sozialistak ikus-entzuleei eskatu die ez egiteko hutsik azaroaren 10ean, eta "azken esfortzua" egin dezatela PSOEk hauteskundeak irabaz ditzan.

Elkarrekin Podemos

Etxebizitza izan da Ione Belarra Kongresurako Elkarrekin Podemosen Nafarroako zerrendaburuak ahotan izan duen gaia, eta azpimarratu du alderdi morea "Gobernuan egotea" dela "gure herrialdean alokairuaren burbuila lehertzeko berme bakarra".

"Askok ahoa betetzen dute egonkortasunaz hitz egiten, baina familiek etxebizitza duina izateko egonkortasunaz hitz egiten dugunean, beste aldera begiratzen dute", salatu du. Gainera, kritikatu du Pedro Sanchezek alokairuen gehiegizko igoerak arautzeko "konpromisoa" hartu zuela, eta handik gutxira "eskuhartzaile" jo zuela neurri hori.

EH Bildu

Bel Pozueta EH Bilduren hautagaiak, bere aldetik, Agoitzen egindako ekitaldi batean esan du azaroaren 10ean "aukerak argiak" direla: "Demokrazia ala inboluzio antidemokratikoa, eta, eskubideak ala murrizketak".

"155aren aldeko alderdi politikoek Estatu osoan defendatzen duten askatasun murrizketaren aurrean, benetako demokraziaren defentsa da lehentasuna" EH Bildurentzat, adierazi du.

Nafarroaren "gertuko etorkizunarentzat giltzarri" izango diren hauteskundeak direla eta, "aurrerakoiek, euskaltzaleek eta ezkertiarrek argi izan behar dute hobekien ordezkatuko dituen aukera" koalizio abertzalea dela, azpimarratu du Pozuetak.

Geroa Bai

Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiak eguneko ekitaldi nagusia Nafarroan egin duen egunean, Maria Solana Geroa Bairen zerrendaburuak gogorarazi du urtebete dela Sanchezek trafiko eskumenaren transferentzia hitzeman zuenetik, eta oraindik ez dela iritsi.

Hori dela eta, Solanak buruzagi sozialistari esan dio argi dezala "ea orain den unea eta zeintzuk izango diren hurrengo pausoak".

"Eta beste eskumen batzuez hitz egin nahi badu, transferitzeke dauden guztiez, gustura entzungo dugu, zein Estatu ereduz ari den eta PSOEri Nafarroako gobernua zenbat axola zaion jakiteko", azpimarratu du.

Gainera, Geroa Baik nekazariak eta abeltzainak defendatu ditu, erkidegoan sektore "estrategikoa" osatzen dutelako. Era berean, Nafarroa iraunkorra eta berdea, ekonomia zirkularra eta klima aldaketaren aurkako borroka aldarrikatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PP UPN PSN Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos argazkiak EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroako Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Navarra Suma Hauteskunde inkestak Nafarroako Gobernuko lehendakaria Senatua