Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren itxiera
EAEko indar guztia EAJn pilatzea eskatu du Urkulluk
"Itsasoa mugituta dago, olatuak daude, indartsu dator hegoaldetik, baina EAJ gara eta ez gara urdurituko eta ez dugu norabidea aldatuko", esan du Ortuzarrek.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko boto-emaileen indarra EAJn pilatzea eskatu du, "Madrilen sekula baino indartsuagoak eta Euskadiren lehen defentsa lerroa izateko".
EAJk Bilboko Areatzan itxi du hauteskunde orokorretarako kanpaina, lehendakariaren, Andoni Ortuzar EAJren presidentearen eta hainbat hautagairen hitzartzeekin, tartean Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburuarenarekin.
Lehendakariak gogorarazi du ekitaldia egiten ari ziren lekutik gertu jarri zutela lehenengoz ikurrina, duela 125 urte, eta "euskal herritarren sentimendu nazionala irudikatzen eta euskal nazioa ordezkatzen duela munduan".
"Nortasunagatik, historiagatik, kulturagatik, pertsonalitateagatik, sentimenduagatik eta borondateagatik, Euskadi nazioa da; baina Espainian, askori ez zaie euskal nazioa gustatzen, eta garena eta duguna mehatxatzen ari dira etengabe", kritikatu du Urkulluk.
"Eskumenak murrizten dizkigute, ez dute Estatutua betetzen, Kontzertuari eraso egiten diote, 155. artikulua aplikatzen dute, eta alderdiak legez kanporatzea ongi ikusten dute. Euskadik badaki EAJk sekula baino indartsuago izan behar duela, bai Madrilen, bai Kongresuan, bai Senatuan; zeren Euskadiren lehen defentsa lerroa Madrilen baitago", azpimarratu du.
Mehatxu horien aurrean, lehendakariak "Euskadiren indarra" EAJn pilatzearen alde egin du, "altu eta argi esateko hemen gaudela. Euskadik badaki EAJk sekula baino indartsuago izan behar duela. Gaur egun boto-emaile asko dago ez dakiena bere botoa nora iritsiko den, baina EAJri botoa ematen dionak badaki botoa erabilgarria izango dela Euskadirentzat".
Ekitaldi berean, Ortuzarrek itsasoari egin dio erreferentzia: "Itsasoa mugituta dago, olatuak daude, indartsu dator hegoaldetik, baina EAJ gara eta ez gara urdurituko eta ez dugu norabidea aldatuko. Igandean erakutsi behar dugu Euskadi desberdina dela, Euskadi dela gure nazioa, eta baduela Madrilen nork defendatu".