albistea -
Hauteskunde-kanpaina
ETAren erabakiaren ostean, 'zubi-lana' egin nahi du Ezker Anitzak
Mikel Aranak esan du Euskadik Ezker Anitza bezalako alderdi baten beharra daukala, ETAren erabaki historikoaren ostean "zubi-lana" egiteko eta akordioak errazteko.
Erredakzioa
Mikel Aranak iragarri duenez, IU-Los Verdes-Ezker Anitza koalizioak langabeziaren kontrako borrokan eta ongizate Estatuan oinarrituko du hauteskunde-kanpaina. Ildo horretan, EAJri, PSEri eta PPri zuzendu zaie eta "Papandreuk Grezian bezala" jokatzeko asmoa ote duten galdetu die. Horrez gain, Euskadik Ezker Anitza bezalako indar politiko baten beharra daukala nabarmendu du, izan ere, ETAk indarkeria behin-betiko utzi izanak ireki duen aro berrian "zubi-lanak" egiteko eta akordioak bilatzeko prestutasuna agertu du.
Bilbon egindako ekitaldian, Mikel Aranak azpimarratu du hauteskunde-kanpaina "historiko" batean murgildu garela, "demokrazia ezarri zenetik ETAren mehatxurik ez dagoen lehen aldia delako".
Beste alde batetik, gaur ezagutarazi dituzten langabezia datuak "negargarriak" direla esan du eta Euskadiko nahiz Estatuko familiak "bost axola" zaizkiola leporatu dio PPri. "Datu makroekonomikoak eta enpresa handiak baino ez zaizkie ardura", kritikatu du.
Alderdi Sozialistak eta EAJk ere "euren erantzukizuna" dutela adierazi du, lan-erreforma aurrera eramaten lagundu zutelako. "Enplegua ez da sortuko kaleratzea merketuta, EAJk edo PSOEk proposatzen duten moduan, edo zergak jaitsita, PPk nahi duen moduan", erantsi du.