Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
CIS alderdi-bitasunaren 'manipulazio garbia' dela esan du Urkulluk
"Alderdi-bitasunaren makinak aurrera jarraitzen du Madrilen, eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu eta gaurkoan CISen inkesta izan da", adierazi du EAJko presidenteak.
Erredakzioa
CISek egindako inkestaren emaitzak "alderdi-bitasunaren manipulazio garbia" direla esan du gaur Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Izan ere, inkestak ez die jeltzaleei Araban eserlekurik ematen, Bizkaian bi eta Gipuzkoan diputatu bakarra.
"Alderdi-bitasunaren makinak aurrera jarraitzen du Madrilen, eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu eta gaurkoan CISen inkesta izan da, izan ere, abertzaleek Araban ordezkaritzarik lortuko ez dugula esaten digu. Alderdi-bitasuna defendatzen dutenez Arabako lau eserlekuak horrela banatzen dituzte: bi PPrentzat eta beste bi PSOErentzat. Guztia beraientzat. Ezer gainerakoentzako", salatu du Urkulluk.
Urkulluk gogorarazi duenez, "duela bost hilabete eskas, maiatzaren 22ko hauteskundeetan, boto abertzalea % 48,8koa izan zen Araban, eta PP-PSOE alderdi biko botoa % 43,5ekoa izan zen soilik". "Hori da errealitatea eta beste guztia manipulazio garbia da", goraipatu du.
Oionen (Araba)
Arabako Oion udalerrian ekitaldia egin du EAJk arratsaldean. CISen inkestak "PSOEren eta PPren Espainia zentralista eta bakarra nahi ez duten guztiak mobilizatuko ditu", adierazi du Urkulluk. "Hori izango da emaitza. Bakartu nahi gaituzte, baina indartsu haziko gara. Hori da gure erronka eta gure eskuetan dago", ohartarazi du.
Urteetako gatazka politikoa gainditzeko 2015erako status politiko berri bat bideratuko du EAJk, buruzagi jeltzaleak errepikatu duenez. Itun politiko hori erakundeek adostuko dute eta Euskal Herriak berretsi beharko du. Helburu horrek aktore "nagusi" batzuk dituela esan du agintari jeltzaleak, alderdi politikoak, alegia.