AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Errepublikanoen batzarra

Obamari aurre egiteko erronka onartu du Romneyk

Etxe Zurirako hautagai izendatu dute gaur ofizialki. Milioika lanpostu sortuko dituela hitz eman du eta keinu asko egin dizkio komunitate hispanoari.

Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia, Alderdi Errepublikanoaren presidentegai. Argazkia: Efe
Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia, Alderdi Errepublikanoaren presidentegai.
Romney, errepublikanoen presidentegai izatea onartu du ofizialki

01:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia Alderdi Errepublikanoaren presidentegai izendatu dute gaur ofizialki AEBetako hauteskundeei begira. Romneyk izendapena onartu du eta enpresa munduan izan duen arrakastari esker lanpostuak sortuko dituela hitz eman du, hori baita herritarren kezka nagusia.

AEBek "lanpostuak behar dituzte, lanpostu asko", adierazi du Romneyk Alderdi Errepublikanoak Tampan (Floridak) egin duen batzarraren amaieran.

Gobernadore ohia mormoien elizako kide den lehenengo presidentegaia izango da AEBetan.

Romney politikari eta enpresari arrakastatsuak eta Paul Ryan kongresistak osatzen duten bikotea langabeziaren arazoa konpontzeko irtenbide gisa aurkeztu dute AEBetako boto-emaileen aurrean.

Romneyk azaldu duenez, 12 milioi lanpostu sortzeko egitasmoak bost zutabe nagusi izango ditu: AEBen independentzia energetikoa 2020rako, hezkuntza erreforma, merkataritzaren sustapena, enpresariei babesa ematea "AEBetan dituzten inbertsioak ez desagertzeko, Grezian gertatu den moduan", eta negozio txikien defentsa.

Defizita murrizteko eta aurrekontu orekatuak izateko konpromisoa ere hartu du, hori izan baita Paul Ryan presidenteordegaiaren jarduera nagusia orain arte Ordezkarien Ganberan.

Komunitate hispanoari begira

Romneyk hasiera-hasieratik aitortu du AEBak "etorkinen herrialdea" direla eta, horren harira, bere familiaren jatorri mexikarra aipatu du.

Romneyren hitzaldiaren aurretik ere erreferentzia eta keinu ugari egin dizkiote AEBetako komunitate hispanoari, giltzarri izan baitaiteke azaroko hauteskundeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea