AEB-ko HAUTESKUNDEAK -
Demokraten batzarra
Clinton: 'Inor ez da krisia lau urtean konpontzeko gai'
AEBetako presidente ohiak ofizialki izendatu du Barack Obama Alderdi Demokrataren hautagai.
Erredakzioa
Bill Clinton AEBetako presidente ohiak ofizialki izendatu du gaur Barack Obama Alderdi Demokrataren presidentegai, azaroaren 6rako hauteskundeetarako.
"AEBetako hurrengo presidentea Barack Obama izatea nahi dut, eta harro izendatzen dut Alderdi Demokrataren hautagai", adierazi du Clintonek, Charlotteko Time Warner Cable Arena estadioan, demokraten batzarreko bigarren egunean.
Hitzaldiaren ostean, Obama agertokira igo da eta besarkada bat eman dio Clintoni.
"Inor ez da Obamak oinordetzan jaso zuen egoera [ekonomikoa] lau urtean konpontzeko gai", nabarmendu du, txalo zaparrada ugari piztu duen hitzaldi batean. Barack Obama ez ezik, Michelle horren emaztea eta Joe Biden Presidenteordetzarako hautagaia ere goratu ditu.
"Obamak ekonomia hondatua jaso zuen oinordetzan, baina hondamendia galarazi du, susperraldiaren bide luzea abiatu du, eta milioika lanpostu, negozioak eta aberastasuna sortuko dituen ekonomia modernoaren oinarriak ezarri ditu", gaineratu du.
Obama Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko hautagai bakarra izan denez, Clintonek zuzen-zuzenean izendatu du, bozketarik gabe, Antonio Villaraigosa demokraten batzarreko presidenteak azaldu duenez.
Obamak gaur onartuko du izendapena, batzarrari amaiera emateko hitzaldian.